Gutuna: 'Enrike R. Zarzuelori'
Herrikide zaretenok, ongi dakizue zein den Enrike Rodriguez Zarzueloren farmazia. Jakin ere, bertan langile bat kaleratu zutela. Ez da gure asmoa duen dimentsioa biderkatzea, baina ez dugu asmorik ere, jauntxokeriak nagusitzen uzteko.
Urtebete da langileon eskubideen defentsan hauteskunde sindikalak egiten saiatu ginela eta nagusiak zapuztu zituela euren desioak. Sei hilabete dira, langile borrokalari bat kaleratu zuela nagusiak. Eta astebete da, LAB epaile baten aurrera eraman zuela Enrike nagusiak.
Lotsagabekeria galanta iruditzen zaigu, langileon eskubideak urratu dituenak, langileak mehatxatu dituenak, langile borrokalaria kaleratu duenak, beldurtuta sentitu dela esatea epailearen aurrean, LAB sindikatuak bere farmazia behin eta berriz neurrigabeki erasotu duela esatea.
Ez Enrike, ez da LAB izan zure farmazia jo puntuan jarri duena, zu zeu baizik. Zu zara zure egitateen erantzule bakarra. Guk, gertakari bat herritarrei helarazi diegu, besterik ez. Guk langileon eskubideak aldarrikatu ditugu soilik. Beraz, ez diezaguzu guri egotzi zuk zeuk eragin duzun herri haserrea.
Esan genuen gure lanaren epaile bakarrak langileak direla, eta epaitegira joan behar izanak eskandaluzko egoera bat iruditu arren, ez zigula kikiltzen. Enrikek, boteretsuen babes bila jo zuen epaitegira gure lana epaitua izan zedin. Baina, gaizki atera zaio ordea. Epaileak, absolbitu egin baikaitu. Hau ere, guri egotziko ahal digu? Bere zortearen erantzule egingo ahal gaitu?
Nahikoa da. Guk gure lana lasai egiten segi nahi dugu, gure ekintza sindikal zilegiaren bidez herri eta eskualdeko langileon eskubideak defendatuz, langile eta herritarrekin batera nagusikeriak salatuz eta herri duin bat eraikiz.
Maddalen Dorador Rubio. Oarso Bidasoko LAB sindikatuaren izenean.