Gutuna: "Irtenbidea herritik etorriko da, eta herriarentzat izango da"
Festak komunitatea eraikitzeko tresna politenetakoa dela esan du plataformak. Ez du ohiko egitaraurik prestatuko, baina euren aldarria kalean egongo dela iragarri dute.
Negua azkenekotan zela, udaberriaren aurreneko lorratzak loratzear zirela… bizitza geratu egin zitzaigun istant batez. Hedabideetako berri xelebre horietako bat ematen zuenak, lagunarteko solasaldietan bitxikeria zenak, izena gailu baterako pasahitzetik aterata zuela zirudien xomorro batek … derrepentean, geure egunerokotasuneko martxa gerarazi zuen.
Eta buruan geneuzkan hamaika proiektu, norbanakoenak zein kolektiboak, zapuztu egin zituen, ostu egin zizkigun. Geure bizitza ia sekula ez bezala baldintzatua geratu zen. Udaberri bat lapurtu zigun, baina baita etorkizun-printzak ere. Tartean, herri-jaiak. Tartean, Madalenak.
Ez dugu deus berririk esango: Covid-19aren ondorioz, ezin izango ditugu nahi genukeen bezala ospatu 2020ko Oreretako Madalenak. Madalenetako Jai Batzordearen erabakiarekin bat egiten dugu OaingozHauko kideok, eta guk ere ez ditugu ohiko Madalenak ospatuko.
Guretzat, herriko jaiak dira Orereta eta oreretarrok komunitatea eraikitzeko dugun modurik politenetakoa eta esanguratsuenetakoa; baina, tamalez, egoera honek guztiak ekarritako ondorioak jadanik pairatzen ari gara, eta etorkizunean ere pairatuko ditugu. Pandemia hau gertaera politiko erraldoia ere bada, eta pertsonok gure artean erlazionatzeko dugun modua ere baldintzatzen du.
Gertaera politiko erraldoia da, besteak beste, Espainiako eta Euskal Herriko gobernuek espazio publikoa pribatizatzea lehenetsi dutelako, herritarrok geure espazio komunitarioak modu heldu eta librean gozatzea bultzatu beharrean. Eta, ondorioz, beti bezala, herri-mugimenduak izan gara kaltetuak; kasu honetan, balore eraikitzaileetan oinarritutako jaiak antolatzen dihardugun herri-mugimenduak (euskaltzaletasuna, feminismoa, ekologismoa, gutxien duenarekiko elkartasuna, bazterkeria ororen aurka egitea, komunitatea…).
Ezin diegu gobernu horiek ezarri dizkiguten baldintzei aurre egin; eta, horrenbestez, ezin izango ditugu gure ohiko jai-guneak ireki. Ez gaitezen engaina: gure oinarrizko eskubideetako batzuk urratuak izan dira.
Dena dela, guk argi izan dugu beti: nonbaitetik etorriko bada erantzuna, erakundeetatik at izango da, herri-mugimendu antolatuetatik. Baita herri-jaiak gustatzen zaigun moduan antolatu eta ospatzeko ere. Hortaz, ez izan dudarik: egoera “arraro” honen aurrean, beti bezala, erantzun bat ematen ahaleginduko gara OaingozHau-ko kideok.
Gure guneak ireki ezin baditugu ere, ezta ohiko egitaraua antolatu ere, kalean egongo gara; jaia ulertzeko eta bizitzeko gure modua Oreretako kaleetan egongo da, alai, sano eta aldarrikapenez betea. Gu ez garelako gauza jaia aldarrikapenetatik bereizita ulertzeko, ez zaigu osasuntsua iruditzen. Horrexegatik beragatik deitzen diegu gainerako herritarrei, egoeraren gainean hausnar dezaten, eta beren aldarrikapenak ere plazara ditzaten, jaiak modu sanoan bizi ditzaten.
Bukatzeko, eta esan bezala, garai ilun hauetan, irtenbidea herritik etorriko da, eta herriarentzat izango da. Kantak dioen bezala: herriak bakarrik salba dezake herria. Hori dela eta, txalotu eta goraipatu egin nahi dugu konfinamenduaren egun gogorrenetan herritarrok eraiki genuen zaintza-sarearen lana, gure ereduari eta lan egiteko moduari ezin hobeki jarraitzen baitio: auzolana, zeina politikari batzuen marketin-lelo hutsalez gaindiko eredua den. Auzolana elkar zaintzea da, eta ez elkarren zelatan ibiltzea; beraz, utz diezaiogun gure herrikideekin polizia-lanak egiteari, ez gaitezen izan balkoietako eta kaleetako txakur edo txibato. Elkar zaindu gaitezen.
#JaiakHerritikEtaHerriarentzat #OaingozHau
Borja Arbelaitz. OaingozHauen izenean.