Gutuna: "Espekulaziorik ez! Altzate herriarentzat!"
Lezo-Oreretako Altzate Herriarentzat taldeak, gutuna bidali du HITZAra, Altzateko gaiaz euren iritzia emateko. Jarraian, gutuna hitzez hitz:
Harritzekoa da Orereta-Errenteriako Udalak Altzaten espekulazioari ateak irekitzen dizkion erabakia hartu izana, eta haserrea eragiten digu herritarren interesen gainetik negozio urbanistikoa lehenetsi izanak.
Azpijokoan aritu da udala, herritarrei informazioa ezkutatzen, eta plana erabat onartuta daukanean bakarrik erakutsi digu.
Presa daukate kontu hau gainetik kendu eta atzera egiteko aukerarik ez izateko, Urumea inmobiliariak jada bulegoa ireki baitu Foru Plazan, eta ekin baitio etxebizitzen salmentari.
Nabaria da dirua besterik ez duten lau capo-ekiko konplizitatea: benetan penagarria da bere burua “ezkerreko” eta “sozial” gisara aurkezten duen udalbatza honen jokabidea.
Jakina denez, diktadura frankistak Campsako kubatxunga arriskutsua inposatu zuen padurak izandako eremu librean. Mugarik gabeko garapenaren aroak bizi-kalitaterik gabeko auzoak, hirigintza basatia, kutsadura eta errekurtso naturalen galerak ekarri zituen. Lehenago ura eta lurra besterik ez zegoen tokian sortu zituzten Iztieta eta Ondartxo, beste langile auzo asko bezala, kapitalak bertan esku hartu behar baitzuen etekinak handiagotzeko.
Orain, berriz, itxurazko demokraziaren garaian, prozesu horrek aurrera jarraitzen du, hasierako inposaketak mantendu eta betikotuz. Hirigintza diru iturri gisa erabiltzen ari da, auzoen gabeziek bere horretan jarraitzen duten bitartean.
Zenbat metro koadro berdegune dituzte Iztietak eta Ondartxok? Zenbat hiriguneak? Dentsitate handiko herria da Orereta-Errenteria, eta arnasgune izan daitekeen eremu libre bakarrean blokeak eraikitzeak (9-10 solairukoak) lurra-ura-airea galtzea dakar, hau da, ondasun kolektiboa galtzea.
Bi aukera bakarrik mahaiganeratu ditu udalak: Santander eta Caixabank bankuen eraikuntza proiektua, edo enpresa pribatuekin negoziatutako eraikuntza plana. Ez da hirugarren aukerarik kontuan hartu, alegia, ez eraikitzea eta ingurua herriarentzat berreskuratzea, herriko eragile eta bizilagun ugarik eskatu duten bezala. Udalak nahiago du eraikuntza negozioa ondo itxitakoan miseriazko parte hartzea egin, tinte berde pixka bat ematen duelako itxurak eginez. Pena izugarria ematen digu ikustea nola herriaren zerbitzura lan egiteko konpromisoa zeukatenek bere egiten dituzten kapitalaren interesak.
Askotan aipatu zaigu zein eragin duen gure osasun fisiko zein mentalean inguru hits eta erabat artifizial batean bizitzeak. Hirigintzak berak zerikusi handia du guettoen eta marjinalizazioaren hastapenean: txiroak auzo kaskarretara, dirudunak inguru hoberenetara.
Beste jarrera bat nahi dugu, benetako parte hartze prozesu bat, aukera guztiak kontuan hartuko dituena. Oraindik garaiz gabiltza. Utzi porlana alde batera eta ekin ingurua berreskuratzeari! Oraingo eta geroko bizilagunek eskertuko digute!
Orereta-Errenteriako Udala aipatu dugu, berak aurkeztu baitu egitasmo berria, baina ez dugu ahazten Lezoko Udala, isilik dagoena, zati handi bat Lezoko udalerrian baitago, eta jakina denez, Lezoko Udalak ez baitu Altzate babesteko asmorik.Martita Galan, Tomax Boada eta beste 23 sinadura, Lezo-Oreretako Altzate Herriarentzat taldearen izenean.