Gutuna: "Etxegabetasuna desagerrarazteko apustu irmo eta bateratuago baten alde"
Etxerik ez dutenentzako politikekin jarraituko dutela adierazi du Errenteriako alkateak, eta aldundiari eskatu dio apustu indartsuagoa egin dezan.
Gure udalerrian, Arthur, Matilde edo Jesus bezalako etxerik gabeko pertsonak dira gizarte-bazterketaren aurpegi ageriko eta latzenak.Bizi duten egoeraren gordintasuna pertsona askok jasaten duten etxebizitza duina izateko eskubide-urraketaren icebergaren tontorra da. Egoera hori, gainera, larritu egin ohi da beste faktore batzuen ondorioz; hala nola, inon errotuta ez egotea nahiz harreman-sarerik eza, arazo fisikoak edo osasun mentalekoak, kontsumoak, narriadura kognitiboa edo kale egoeran dauden emakumeek pairatzen dituzten zaurgarritasun eta bazterketa handiagoak.
2014. urtean, Europako Parlamentuak onartutako adierazpenaren bitartez, Europako Batzordeari eskatzen zitzaion atzerapenik gabe Europa mailako estrategia bat gara zezan etxerik gabeko pertsonentzat. Onartutako adierazpen horrek, besteak beste, abiapuntu gisa hartzen zuen etxerik ez izatea giza-duintasunaren eta giza-eskubideen urraketa dela, baita pobreziaren nahiz gabeziaren formarik gogorrena izan ere. Eta, era berean, etxebizitza oinarrizko giza-premia etabizimodu duina izateko eta gizarteratzeko premisa dela.
2015. urtean, Espainiako Estatuak Etxerik Gabeko Pertsonentzako Estrategia Nazionala onartu zuen baina igarotako bost urteotan, Estrategian jasotako helburu eta neurrien % 38 besterik ez da garatu.
Euskal Autonomia Erkidegoan ere, 2018. urtean erakunde arteko akordio baten bidez Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia onartu zen. Estrategia honen bidez, EAEko udalerrietako kaleetan gaua igarotzen zuten pertsona-kopurua nabarmen murriztu nahi zen, % 20 gutxienez. Datuek baina, bestelako errealitate bat islatzen digute.
Gizarte Zerbitzuen Karterari buruzko Dekretua, lurraldean behar diren plazak eta gizarte-zerbitzuak arautzen dituena, onartu zenetik ia sei urte eta Gizarte Zerbitzuen Legea onartu zenetik hamabi urte igaro direnean, SIIS zentroak 2019an egindako “Gipuzkoako gizarteratzeko gizarte-zerbitzuak berrantolatzeko aukerak” txostenak adierazten zuen gizarte zerbitzuen alorrean gizarteratzeko dauden zailtasun handiak agerian jarri direla: esku hartzeko eredu komun eta partekaturik ez izatea (baita gizarte-bazterketa ulertzeko garaian ere); baliabideen lurralde-desorekak; murrizketa ekonomikoak eta finantza-gutxiegitasuna; eginkizunak mugatzeko zailtasunak lehen mailako arretaren (udal-ardurakoak) eta bigarren mailako arretaren (foru-ardurakoak) artean; koordinazio- eta kogestio-formula egonkorren gabezia; eta sistema antolatzeko lidergo falta. Ildo beretik, eta garrantzia handikoa hau ere, aipatzen zuen garatzen ari diren paradigma berriak aplikatu beharra dagoela esku-hartze sozialaren alorrean.
Gabezia eta ahulezia horien aurrean, etxebizitzarik ez izan arren gure udalerriak bizileku gisa aukeratu dituzten pertsonei bizimodu duinak nahiz eskubideak bermatzearen aldeko apustu politiko argia egiten dugun udalok eta, aldi berean, inork kalean lo egin beharrik izan ez dezan helburutzat hartu dugunok, kudeatzen oso zaila den egoera baten aurrean gaude.
Batetik, COVIDaren eraginez, kalean egotea zaildu eta aterpe-eskaera handitu denean, aforo-mugek eragin dute ohiko bilabideekin premia guztiei ezin erantzun ahal izatea. Hori dela eta, Errenterian ohiko baliabidea, Gaztelutxo, utzi eta baliabide berri bat egokitu behar izan dugu, Belabaratz. Errenteriak, COVIDa iritsi aurretik, bermaturik zuen eskatzaile guztientzako baliabideren bat: 23 plaza eta 3-4 ohe gehigarri genituen hotzaren protokoloa aktibatzen zenerako, baina COVIDaren ondorioz, 13 plaza bihurtu ziren. Ondorioz, oraintxe bertan, Belabaratz (29 plaza) eta aldi baterako 5 etxebizitza (16 pertsonentzako edukiera) baliatzen ari gara premiei erantzuteko. Azken horietan ostatu hartzen dute gaitasun psikosozial handiagoak dituzten pertsonak, baina horiek ere, laguntza profesionala behar dute (hezitzaileak eta gizarte-langileak). Plaza horiek guztiak beteta daude eta 4 ohe gehigarri ere baditugu, gerta daitekeen edozein larrialdi edo premia berriri aurre egiteko; horrenbestez, bikoiztu egin da artatzen dugun pertsona-kopurua, COVIDaren aurreko egoerarekin alderatuz gero.
Bigarrenik, gero eta gehiago dira batetik bestera mugitu ez eta toki berean luzaroan geratzea erabakitzen duten etxegabeak eta halakoak gero eta gehiago izateak bestelako esku-hartzeak eskatzen ditu. Horien egonaldi luzeagoek behartzen gaituzte (eta, aldi berean, aukera ere ematen digute) egunean zehar haientzako jarduerak eta tailerrak antolatzeko. Hartara, egun osoan derrigorrez kalean egon ez daitezen lortzen dugu, eta euren bizi-kalitatea nahiz udalerriko elkarbizitza hobetzen ditugu. Nolanahi ere, horrek, aldi berean, baliabideak eskatzen ditu; hain zuzen ere, esku hartu ahal izateko baliabideak: tailerrak eta langile gaituen arreta. Eta ibilbide sozialak planteatzeko baliabideak izatea: aterpeez harago, etxebizitzak.
Eta, hirugarrenik, kale egoeran dauden pertsonen artean, badira osasun mentaleko gaixotasunak, urritasun psikikoak eta abar dituzten pertsonak eta horiek, osasun arloarekin lankidetzan tratatu behar dira. Egia esan, izan ditugun kasu batzuen errealitatea ikusita, epaitegietara eta osasun erakundeetara jo arren, badirudi inork ez duela pertsona hauek egoera bere gain hartu nahi. Hori, udalerri bateko gizarte zerbitzuentzat sostengaezina izateaz gain, horrelakoek babesgabetasun- eta arrisku-egoerak sortzen dituzte, bai pertsona horientzat beraientzat, baita udalerriko elkarbizitzarentzat ere.
Jakin badakigu, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanik, udalak garela herritarren eskariak zuzenen jasotzen ditugunak. Geuri eskatzen dizkigute erantzunak udalerrietan, administrazio eskuduna zein den alde batera utzita. Eta geu gara ere, eskubideen bermatzaile izan nahi badugu, urgentzia handienaz egokitzen garenak eta sistemaren akatsak ere estaltzen ditugunak. Etxegabetasunaren inguruan bizi dugun egoera ere halakoxea da: udalak estaltzen ari gara, modu desorekatuan gainera, sistema ahul eta gabeziadun batek betetzen ez duena, eta gainera udalok ditugun baliabideekin: udalerri bati dagozkion giza-baliabide nahiz baliabide ekonomiko mugatuekin.
Horrexegatik, eta etxegabetasuna desagertzearekin konprometitutako udala garen heinean, erakundeen arteko espazio bat ireki dadin nahi dugu, zeinetan toki-entitateek ere parte hartuko dugun, hausnartzeko eta erabakitzeko nola antolatu lurralde-politika koordinatua, lurraldeari dagokionez orekatua eta sozialki eraginkorra izango dena eta, halaber, estrategia prebentiboa txertatuko duena, etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategian jasotakoaren arabera eta, ahal den neurrian, dokumentu horretan jasotako erakundeen borondatezkotasuna gaindituko duena. Izan ere, zaurgarritasun handiko errealitate sozial bat dugu aurrean, itxura guztien arabera handitzen joango dena eta etorkizunean hartzen duen dimentsioak izan nahi dugun gizarte mota islatuko digu. Gainera, beste herrialde batzuk erakusten digutenari jarraiki, aurre egin dakioke.
Ezinbestekoa dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak apustu sendoagoa egin dezan politika horiek sustatzearen inguruan, gizarte-errealitate horri heltzeko beste erakunde batzuen inplikazio handiagoa bilatzen duena, udalei babes politiko, tekniko eta ekonomiko argia emango diena. Gai izan behar dugu etxegabetasuna desagerraraztearen alde apustu bateratu sendoagoa egiteko eta inor atzean ez uzteko asmoa egitate bihurtzeko.
Aizpea Otaegi Mitxelena. Errenteriako alkatea.