Gutuna: "Eusko Jaurlaritzak, aldundiak eta ETSk alde batera utzi dituzte Pasaiako herritarrak eta euren beharrak"
Mikel Garcia Peñil Pasaiako EH Bilduko zinegotziak gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, iritzi osoa, hitzez hitz:
Pasai Antxon topoa lurperatzeko proiektua 2016an hasi behar zen, Altzako geltokia amaitu ondoren. Baina Pasaiako Udalaren desgobernuak pasaitarron eskubideekiko duen inoperantzia, utzikeria eta defentsa falta ikusita, proiektu hau sine die atzeratu da enegarren aldiz. Erakundeek zor moral, etiko eta politikoa dute pasaitarrokin, eta bereziki antxotarrokin.
Pasaitarrok nahikoa dela esan dugu. Nazkatuta gaude Pasaiaren aldeko apustu garbia egiten ez delako. Erakundeek, horien artean Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Trenbide Sarea (ETS) edo Pasaiako Udala bera, pasaitarrok eta gure beharrak alde batera utzi dituzte. Nekatuta eta nazkatuta gaude, Pasai Antxotik igarotzen den topoa lurperatzea bezalako proiektu garrantzitsu bat behin eta berriz kaxoian sartu dutelako.
Baina gauzak argi utzi behar dira. Antxotarrok topoaren lurperatzea eskatzea ez da kapritxoa, ezta gutxiagorik ere. Topoaren egitura osoa sostengatzen duen eta Pasaiako bigarren barrutirik populatuena bitan banatzen duen zubiak narriadura handia du, udalak obra txiki eta tranpa-zuloen bidez ezkutatu nahi izan badu ere. Gainera, zubibide horrek 800 etxebizitza ditu inguruan gutxienez, hamabost minuturo topoaren soinua jasan behar duten familia-etxebizitzak. Uda, negua, astelehena edo igandea izan; topoak zarata handia sortzen du horien leihoetatik metro erdi eskasera. Hori al da bizi-kalitate onaren sinonimoa? Ez da hala, noski.
Urteak igaro ahala, topoa eusten duen bidezubia kentzea eta hura lurperatzea Antxoko barrutiaren garapen urbanistikorako, kulturalerako eta sozialerako ezinbesteko proiektu bihurtu dira, eta ekintza horiek ez egiteak eragin zuzena eta negatiboa du antxotarron bizi-kalitatean. Herria azpiegitura zaharkituak izatera kondenatzen du, eta, aldi berean, segurtasunerako puntu beltz garrantzitsuak sortzen ditu barruti osoan zehar.
Aipatutako guztia topoaren lurperatzea eskatzeko dugun arrazoien lagin txiki bat besterik ez da, baina gehiago ere badaude eta aurki plazaratuko ditugu herritarrak jakinaren gainean egon daitezen. Bada garaia erakundeak lanean hasteko eta Pasaiako biziberritze hain kakaratuaren denbora galdua berreskuratzen hasteko. Pasaitarrok merezi dugu.
–Mikel Garcia Peñil. Pasaitarra, eta Pasaiako EH Bilduko zinegotzia.