Gutuna: "Gehiegizko iraunaldia"
Joan den apirilaren 16an Udalak Plan Orokorra berrikusteko abiatu den prozesuaren berri eman zigun. Ez dakigu arduradun publikoek esandakoaren eduki zehatza, baina ez dago soberan, testuinguruan kokatzearren, prozesu hau 2012an, duela 9 urte egin behar zela gogoraraztea.
Gure ustez beharrezkoa den sarrera hau egin ondoren eta iazko abenduaren 12ko GAOn argitaratutako Gobernu Batzordearen akordioa ere irakurri eta gero, hasiko den prozesu honi buruz ditugun zalantzetako bat plazaratu nahi dugu, pertsona gehiago ados egon daitekeelakoan.
Plan Orokor berriari eman nahi zaion iraunaldiaz ari gara eta pentsatzen dugu, dokumentu osoak bezala, iradokizunak edo alegazioak jaso ditzakeela. Eman nahi zaion iraunaldia, 15 urte, ez dela ausaz aukeratu uste sendoa dugu; beraz, horretarako erabilitako irizpideak azaldu behar direlakoan gaude, irizpide teknikoak, politikoak edo bestelakoak izan diren, edo haien arteko nahasketa bat. Azalpen hau beharrezkoa ikusten dugu, epe hori luzeegia dela eta, ondorioz, herriko biztanleen interesen aurkakoa izan daitekeela pentsatzen dugun pertsonontzat.
Akats berak berriro ez egiteko, gure historia ahaztu ezin dugunez, berrikusi nahi den POk planifikatutako guztia gauzatzeko 8 urteko iraunaldia zuela gogoratu nahi dugu, orain planteatzen denaren ia erdia. Hala ere, iraunaldian gauzatutako portzentajea, oso zehatza ez izan arren, % 30 inguruan zebilen; baina, iraunaldiaren denbora bikoitzean gauzatuak % 50 ozta-ozta gaindituko du.
Baten batek planifikatutako guztia, herritarren interesei ez erantzuteaz gain, gauzatzeko zailtasuna auzian jartzen bazuen, Planak justifikazio tekniko-ekonomiko ezin hobea zuela erantzuten zioten irmo… errealitatea bestelakoa izan da. Konparazio honetan jarraituz eta planifikazio berriak ere justifikazio tekniko-ekonomiko ezin hobea duela argudiatuko dela pentsatuz, aurreko Planarekin gertatu dena berdin gertatuz gero, 2050 urtean kokatuko ginateke. Hori dela eta, Plan berrirako proposatutako epea murriztu beharko litzatekeela uste dugu, eragiten gaituen klima-larrialdi globalaren egoeraren ekonomia- eta ingurumen-ziurgabetasun handiek gai biok arautzen dituzten esparru juridikoen etengabeko egokitzea exijituko baitute, beren helburuak epe luzera proiektatzen dituzten tresnak baztertuz, zaharkituak geratzeko arriskua dutelako edo denbora luze horretan gerta daitezkeen arau orokor edo sektorialen egokitzapenek hobe ditzaketelako. Ezin dugu, beraz, herritarrek izan ditzaketen beharrak eta hobekuntzak epe luzera hipotekatu, indarrean dagoen Planarekin egin den bezala.
Karlos Murua eta Santi Angulo, Orereta