Gutuna: "Gure gobernarien ele zuriak"
Marketin pixka bat, zinismo poxi bat eta hitz magikoak eta hor ditugu politikari neoliberalak herritarrak liluratzen bere megaproiektu fantastiko eta ezin hobeekin. Bizigarria, jasangarria, sinergiak, blindatu…
Bizigarriagoa. Bizi dugun egoera larri honetan Oreretako herritarrok eremu berde zabalak behar ditugu. Urbanizatze berriak eremu berdeak desagertu eta herria itotzen ari dira. Iztietako bizilagunek ederki ordainduko dute bizigarriagoa den Altzaterekin lotuko duen zubi hori, auzotik egunero ehunka auto gehiagori aurrera eta atzera ibiltzeko aukera emango diona, haien kalterako.
Jasangarria. Kontzeptu hau natura kontserbatzeko egiten ziren ahaleginentzat asmatu zen. Orain arte eskuineko politikariek hitz hau maltzurki erabili dute. Duela urte batzuk EAJk eta PSOEk Zubietako errausketa-planta, AHT, Pasaiako superportua… jasangarria zirela esaten zuten, hau da, zementuaren industriak egiten duen oro jasangarria omen da. Orain, tamalez, Oreretako udal gobernu “progresistak” ere hitz magiko hori erabiltzen du eremu hori zementuz beteko duen proiektua deskribatzeko.
Sinergia. Auzoko herritarren sinergiaz hitz egin da, baina haien proposamenak ez dira kontuan hartu. Akaso egin al du Udalak galdeketa bat herritarren artean ea zer nahiago duten aukera guztiak mahai gainean jarrita? Agerian dago hasieratik, plan zaharkitu baten arabera, espekulatzaileen sinergia soilik hartu dutela kontuan, herritarren beste behar batzuei muzin eginez. Zergatik du Udalak hainbesteko interesa orube “pribatu” horretan etxeak egiteko, ez bada espekulatzaileei mesede egiteko?
Blindatu. Francoren garaitik eraikitzen ez ziren bloke handi horien proiektua blindatu du Udalak. Izan ere, formak gorde gabe, alegazioen epe ofiziala hasi eta bukatu baino lehen, enpresa sustatzailea etxebizitzak saltzen hasi da. Beraz, proiektua dagoeneko enpresarekin blindatu badu, zertarako balio du alegazioak egiteak, ia beti bezala, zakarrontzira botatzeko?
Zalantzarik gabe, zementuz blindatu beharrean, Altzate ehunka zuhaitzeko hiri-parke bihurtua bizigarriagoa eta jasangarriagoa izango litzateke oreretar guztiontzat; eta gainera naturaren eta pertsonen sinergiak herri honi behar duen arnasgune berria emango lioke. Merezi eta behar dugu, asko eskatzea al da? Haltzak hezurrik ez.
Santi Angulo Martin, Orereta