Gutuna: "Gure larrialdi zerbitzuei gure eskerrik beroena"
Goizean goiz Ikastolan gelditu ginen hiru lankideak Gasteizen genuen Pertsonen Kudeaketa eta Barne Komunikazioko ikastarora elkarrekin joateko.
Orio inguruan izan genuen istripua. Albisteetan atera zen, zazpi bat kotxek talka egin eta kilometroetako ilarak izan omen ziren.
Eskusoinua bezala, erabat tolestuta geratu ginen: atzeko eta aurreko kotxeei itsatsita. Trafiko sailetako iragarkietako panpinak baiginan ibili ginen aurrera, atzera, aldeetara… Tartean, garrasiak; eta airbag-ak, ikusi genituenerako, jada hustuta zeuden. Usaina ere betiko gogoratzeko modukoa. Ondo ote ginen bata besteari galdetu ostean, lehenbailehen 112ra deitu genuen.
Eta orduan Maite eta Jose iritsi ziren, anbulantziatik jaitsi eta “¿Cómo estás, corazón?”, ondo ote ginen galdetu eta ikusi, eta beren lanean hasi ziren: batzuk oinez atera ginen, besteak esku-ohean immobilizatuta… Iñaki eta taldeko beste suhiltzaileek gutako bat atzetik atera zuten.
Ertzainek ere oinarrizko datuak goxo-goxo eskatu zizkiguten, gainontzekoak aurrerago egingo ditugu esan ziguten: “lasai, orain ez da momentua”.
Anbulantzian, ospitalerako bidean, Maitek bere berokia utzi zigun hotza genuela eta berotzeko, mantak gainetik jarri, goxatu… Josek bere umorea atera zuen, gu lasaitzeko asmoz.
Ondoren erietxean jaso gintuzten, leihatilan, eta berehala hasi zitzaizkigun frogak egiten, harik eta Igorrek alta eman zigun arte.
Hezkuntzan aritzen garenok zaintza zein garrantzitsua den ustez badakigu. Pasa den astekoak bakarrak ez garela garbi utzi zuen. Sekulako profesionalak dira artatu gintuzten guzti-guztiak: errepidean, anbulantzian eta ospitalean bidelagun izan genituenek, haien lana bikain egiteaz gain, beste koxka bat gorago daudela erakutsi ziguten: hitz goxoak aukeratu, negar egiteko sorbalda eskaini, ferekatu, umore punttua gehitu… Finean, enpatia izugarria eta maitasuna agertu.
Ezin dugu hitzez azaldu zein eskertuak gauden jaso genuen arretagatik, zein garrantzitsua den zuen lana eta, batez ere, zein garrantzitsuak zareten zuek zeuek. Harrotasun osoz diogu sekulako taldea daukagula larrialdi-zerbitzuetan.
Bihotzez eta esker onez.
Anartz Muxika Andres, Orereta Ikastolako Zuzendaria, eta beste bi lankide.