GUTUNA: "Herri eta politikagintza sentipensanteak"
“Sentipensante” Kolonbiako kostako arrantzaleek asmatutako hitza da, aldi berean pentsatu eta sentitu egiten duten horiek definitzeko asmatua, norberaren egiatik sortutako hizkuntza definitzeko.
Ikuspegi honek talka egiten du bizitzea egokitu zaigun garai politiko honekin, pentsatzeari eta sentitzeari utzi dion egungo politikagintzarekin. Kalkulatua, berehalakoa, eta are, estetikoa eta birtuala den politikagintzaren garaia da, benetakotasunari, barneko ahotsari uko egin dion politikagintzarena.
Eta azken 8 urte hauetan gure udalerrian gertatu dena ulertzerik ez dago gure jardunean pentsamenduaren eta sentimenduen arteko aliantza hori gertatu izan ez balitz; gure egiteko modua pentsamenduaren eta sentimenduen konbinazio horrek gidatu izan ez balu. Izan ere, garatu dugun ekimen, ekintza edo proiektu bakoitzean pentsatu egin dugu sentitzen genuen bitartean, eta sentitu egin dugu pentsatu bitartean.
Gure udalerria osatzen duten bizitzen aniztasuna sentitu dugu, bizitza horiek bizi egin ditugu eta aldatu egin gaituzte. Horrelakoa baita gure herria: kultura bakarra edota bizimodu bakarra bizi ez duten eta anitzak diren bizimoduek bat egiten duten espazioa. Herrian bertan jaio zirenak, aspaldi iritsitakoak edota etorri berriak. Guztiak elkarrekin bizi dira fisikoki simetrikoa ez den herri batean, anitzak diren auzoetan, baina komunitatean bizitzeko gogoz. Horregatik da beharrezkoa auzoekiko hurbiltasuna, auzoak elkarrekiko hurbiltzea, zerbitzuak deszentralizatzea. Eta horregatik da garrantzitsua kulturen kultura bat sustatzea: sentitzen duen kultura, partekatzen duen kultura eta etengabe elkarbizitzan oinarritzen den hiria eraikitzen duen kultura sustatzea. Hiri fisikoa, bere kale eta eraikinak, aldatzen, sentitzen, pentsatzen eta sortzen duten bizitzen topalekua da.
Baina bizitza horiek, beste ezeren gainetik, duintasunez bizi ahal izateko baldintzak behar dituzte. Eta, horretarako ere, sentitu beharra dago. Bazterketa edo bazterketa-arriskua bizi beharra dago, norberarena balitz bezala. Horixe baita elkartasunez pentsatu eta jokatzeko modua, inguratzen gaituenarekin konprometitzekoa.
Horrelakoa da guk sinesten dugun politikagintza eta horrelakoa da eraikitzen jarraitu nahi duguna. Sentitzen eta pentsatzen den politikagintza. Eta, aldi berean, sentitu eta pentsatzeko modu bakarra dago: entzunez. Eta entzuteko, egon beharra dago, pertsonekin egon, auzoetan egon eta, zalantzarik gabe, horixe da egiten jarraituko duguna.
Gaur abiatzen den kanpaina honetan asko dugu jokoan. Eta aukeratu beharra dago sentiarazi, bizi eta partekarazi duen politikagintzaren eta politikagintza kalkulatu, berehalako eta birtualaren artean. Maiatzaren 26an aukeratu beharra dago komunitate berri baterako bidea eta politikagintzaren zentzu berria eraikitzen jarraitzearen edo iraganeko politikagintzaren artean.
Azken finean, etorkizuna eraikitzen jarraitu edo iraganera itzultzea, horixe dugu jokoan. Jarrai dezagun herri eta politikagintza sentipensantea eraikitzen.Aizpea Otaegi eta Julen Mendoza, Orereta-Errenteriako EH Bildu