Gutuna: "Herria zutik eta martxan"
Mundu mailako pandemiak, gainerako herrietan bezalaxe, Euskal Herrian ere bortizki eragin du. Eragin horiek sumatu ditugu, pertsonalean nahiz kolektiboan. Lehenik bereziki osasunari eragin dio pandemiak, berehala baita ekonomiari ere. Bi eragin horien arteko dikotomia planteatu zuten batzuk osasuna eta ekonomia kontrajarriz, biak bateragarriak eta beharrezkoak ez balira bezala; lanik gabe, jarduerarik gabe, gizarte osasuntsu bat izatea posible balitz bezala. Urkullu lehendakariak gidatutako Eusko Jaurlaritzak biak hartu ditu aintzat eta momentu honetan inor gutxik jartzen du zalantzan biak ditugula ezinbesteko.
Pandemiaren txarrena pasa eta etorkizunera begiratzeko momentua ere iritsi zen, izan ere, herri bat gidatzen duenak ezin du soilik epe motzera begiratu eta epe ertain eta luzera izango diren beharrei aurrez erantzuten hasi beharra dago. Hauteskunde deialdia bertan behera utzi behar izan zen osasun krisiaren ondorioz, Eusko Legebiltzarra deseginda zegoen eta udazkenean betetzen dira legealdiaren gehieneko luzera ezartzen duten 4 urteak. Lehendakariak argi izan zuen osasun krisia kontrolatuta eta beharrezko neurri guztiak hartuta, ezinbesteko zela erakundeak berritzea krisiari behar den funtzionamendu eta indarrarekin aurre egiteko, herritar guztiok gure ordezkariak 4 urtez behin aukeratzeko dugun eskubidea bermatuz. Erabakia hartu zuenean behin eta berriz horretarako momentua ez zela ziotenek ere ahaztuta daukate dagoeneko lelo hura eta kanpainan zeharo murgilduta daude.
Esan eta egin da EAJren eredua eta hala, orain lau urte hitz emandakoak beteta, datozen 4 urteetan egitekoak ditu oinarri bere kanpainan, aldiz, gainerako alderdi gehientsuenek EAJ bidetik kentzea baino ez dute ahotan. Orain lau urte EAJk hitz emandako eta betetakoen inguruko zertzelada batzuk emango ditut: langabezia %10etik behera jaistea hitz eman zuen eta %12,7tik %9,3ra jaitsi du (osasun krisiak dena hankaz gora jarri aurretik), 20.000 gaztek lehen enplegu aukera izateko politikak martxan jartzera ere konprometitu zen eta 27.000tik gora izan dira. Beste hainbat konpromiso ere bete ditu, negutegi efektuko gasen isurketa %20 jaistea (%21,7 murriztu da), pobrezia tasa %20 jaistea (%31 jaitsi da), %8tik beherako eskola uztearen tasa (%6,1ean gaude)…
Esan eta egin eredu hori ez da berria, azken 40 urteotan halaxe egin baitu lan EAJk. Aste honetan Joseba Egibarrek Xabier Arzalluzen harri-jasotzailearen metafora ekarri du gogora. Ezker abertzaleak 300 kiloko harria jasotzea izan du helburu, noiz eta nola ez dakigu, EAJk aldiz, 150 kiloko harria jasoko zuela esan eta egin du urte hauetan, baita hamaika altxaldi eman ere. Azken helburuari uko egin gabe, EAJk pausoz pausoko helburu egingarriak planteatu ditu eta horrela gidatu du gure herriaren eraikuntza, autogobernua, Osakidetza, euskararen sustapena… beste batzuk bestelako estrategia batzuetan kateatuta, herri honi eragindako sufrimendua epikaren bidez estaltzen saiatu diren bitartean.
Atzera begiratzen badugu argi dago bakoitzaren lorpenak zeintzuk izan diren eta atzeak erakusten duenez aurrea nola dantzatu, etorkizunera begira ere proiekturik sendoena nork duen argi dago. Orain arte egindakoak ahaztu eta dena irauli nahi dute batzuk, EAJk pausoz pausoko iraultzen bidez herria eraikitzen jarraitzeko konpromisoa ez ezik hori egiten dakienaren bermea ere badu. Uztailaren 12an herritarrok erabaki beharko dugu zein den gure herria gidatzeko nahi dugun eredua, herri hau zutik eta martxan jarriz 150 kiloko harriari altxaldiak ematen jarraitu edo 300 kiloko harriari eten gabe begira egon, lurretik altxaldi bat bera ere eman gabe.
Garbiñe Oyarbide Iruretagoyena, Errenteria