Gutuna: "Ez naiz isilduko"
Imanol Irazustak gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, haren iritzia hitzez hitz:
Ez dut errekargua itzultzea lortuko, baina Lezoko Udalak lapurtu didala iruditzen zait, eta ez naiz isilduko. Bestalde, errekargua itzuliz gero, Zaporeak elkarteari emango diot, oso-osorik.
2003an etxebizitza erosi genuen Lezon, 126.000 euroan; 2013an Bizkaira goaz errentan. Ordaindu ahal izateko Lezokoa errentan jartzen dugu; 2019an Bizkaian egonkorturik, errenta ordaindu eta kobratzeaz nekaturik, pisu bat erosi genuen. Horretarako, Lezokoa saldu genuen, 128.500 euroan; 2020an Lezoko Udalaren 4130,66€ko enbargoa. Zer?
Aitortu behar dut, ez genekiela udal-gainbalioa (plusbalia munizipala) ordaindu behar genuenik. Beste zerga guztiak ordaindu genituen, etxebizitza berria erosi, eta helbide aldaketa komunikatu Foru Aldundiari, Osakidetzari, udal errolda berria egin, NAN-a aldatu… Kristo guztiari, ezta? Ba antza, ez!
Lezoko Udalak, gainbalioa ordaintzeko errekerimendua egin zigun, postaz, gure aurreko helbidera. Eta noski, gu ezertaz jabetu gabe, ordurako ez ginelako han bizi. Nola jabetuko gara ba? Antza, legeak errekerimendua salmenta eskrituretan azaltzen den helbidera egin daitekeela dio.
Ez pentsa kopuru txikia zenik, 3.438,32 euro. 16 urteko irabazi gordina 2.500 euro, eta 3.438 euroko udal zergak! Hau da, gainbalioa baino zerga handiagoak, ez da ulertzeko erraza.
Asko ezta? Bada hau ez da guztia, gainetik 687,66 euroko errekargua, ez ordaintzeagatik. Nola ordainduko genuen ba? Ez genekien eta! Enbargoa egin zigutenean jabetu ginen.
Ez da horren zaila, neure izena edo NANa Googlen sartu, Foru Aldundian galdetu, Eusko Jaurlaritzan, Osakidetzan, Trafikon, enbargoa gauzatzeko erabili duten bankuan…. Errazagoa da dirua kentzea, ezta? Orain erreklamatu nahi izanez gero, auzitegira jo behar dut, berandu gabiltzalako. Noski berandu gabiltzala, ez digutelako ezer komunikatu! Beno, ofizialki bai noski: helbide zaharrera gutuna, posta zerbitzutik jaso ez genuela konfirmatu, eta Gipuzkoako aldizkarian oharra (nork ez du irakurtzen egunero Gipuzkoako buletina bere izena azaltzen ote den jakiteko?).
Nik, hilabete batzuk lehenago, errezibo batzuen kontura, etxebizitza saldu genuela esan nien udal-kontuhartzaileei, posta elektronikoz. Beraz, bazuten neure posta elektronikoa, bazuten ere salmentaren berri… Zer pentsatuko dut ba? Traspapelatu zaiela? Eta niri traspapelatzen bazait, seiehun euroko isuna eta enbargoa? Antza, bi justizia mota daude, hiritarrei zuzendutakoa eta administrazioena.
Ez da gure kasua, une honetan behintzat, baina imagina ezazue horrelako astakeria egitea hilean mila euro sartzen diren etxe batean.
Imanol Irazusta.