Gutuna: "Kezkatuta"
Aurreko asteetan Plan Orokorra berritzeko bilera presentzialak egin dira, bost ataletan eta auzotan banatuta. Haietan parte hartu duen jende kopurua ikusita, nahiko kezkatuta geratu gara.
Esaterako, Kultura, Euskara, Kirola eta Osasunaren arloen bileran lau lagun egon dira, kultura arloko bi, kiroleko bat eta euskaraz kezkatuta beste bat. Ez euskalgintzaren ordezkaririk, ez kultur elkarteen ordezkaririk, ez ikastetxeen ordezkaririk, kirol elkarte bakarra. Auzoetan ere bilerak egin dira, presentzia urriarekin.
Bileretan, Diagnostikoaren eta Aurrekinaren gabezia handiak ikusi dira. Batzuk aipatzearren, 2018ko Klima Aldaketari aurre egiteko Udal Plana ez da aipatzen; herrian ditugun mota guztietako instalazioak jaso dira, baina ez zein egoeratan dauden eta nolako erabilera duten; euskarak bizi duen egoera ere ez da azaldu, zenbat euskaldun, zenbateko erabilera, paisaia… hau guztia ez da jaso inon.
Hala ere, Planaren Aurrerakinean arlo guztietan hainbat proposamen jaso da, beti ere Diagnostikoa eta Aurrerakina idatzi dituen taldearen aldetik, hau da, herritarrok haien proposamenen inguruan hitz egitera eta baloratzera behartu gaituzte, gure iritziak ekarpen gisa ere jasoko diren jakin gabe.
Oro har, orain arte ez da Plan Orokorraren ikuspegi orokorraz jabetu eta eztabaidatzeko aukerarik izan, dena konpartimentu estankoetan eman baita. Ekarpenak egiteko tartea ere mugatua da; alegazioak egin daitezke irailera bitartean, eta gero Aurrerakina onartu nahi dute.
Ez dugu ulertzen, duela bi urte Plan Orokorraren berritzea zetorrela jakinda, nola ez den herritarren parte hartzea hobeto landu; azken finean, aste batean parte hartzeko prozesua iragarri eta hurrengoan bilerak egitea, herritarrei izena emateko denbora gutxi emanez, ez da oso logikoa, are gutxiago oporren bezpera izanik eta bilatzen den parte hartze zabala lortzeari kasu egiten badiogu.
Ez dugu ulertzen nola ez dieten herritarrei Diagnostikoan (eta ondorioz Aurrerakinean) zuzenean parte hartzen utzi, herritarrak baitira herria edota auzoa hoberen ezagutzen dutenak, zer dagoen, zer gabezia duen eta zer behar den.
Kezkatua gaude Plana egiteko parte hartzeak izan duen erantzun urriak ez ote duen emaitzan eragin negatiboa izango, Plana proposatzen dutenen hitzetan parte hartze eta adostasun zabala baitira planaren emaitza bermatzen dutenak.
Egoera honetan erreparatu behar dute eta parte hartze sendoa lortzeko orain arte egin denaz gain, beste neurri eta tresna batzuk jarri behar dira benetako parte hartzeko prozesua bermatzeko.
Karlos Murua eta Santi Angulo, Errenteria-Orereta