Gutuna: "Lezoko Badian Biziren azalpenak"
Lezoko Badian Bizi taldekoek iritzia bidali dute HITZAra. Jarraian, hitzez hitz, haiek esandakoa:
Idatzi honen bidez hainbat azalpen eman nahi ditu Lezoko Badian Bizi taldeak. Uztailaren 21ean ohar bat zabaltzen hasi ginen herriko buzoietan, udalak portuko jarduerari buruzko informazioa ukatzen zigula salatuz. Buzonatzea oraindik amaitu gabe dago, eta bitarte horretan, udalak erantzun bat helarazi digu, azkenean. Idatzizko hiru eskaera egin ondotik, eta Arartekoari egin genion eskari baten errekerimendua hartu ondotik bidali digu erantzuna udalak. Behartuta, alegia.
Erantzun bat hartu dugu baina, egia esan behar badugu, erdipurdiko erantzuna iruditu zaigu, ez gaitu asebete. Txosten tekniko baten atalak hartuz egindako erantzun behartua da jaso duguna. Erantzun politikoa jakin nahi dugu; udalak legea betetzen ez duten enpresekiko zein jarrera hartuko duen jakin nahi genuen.
Lezoko kaia eremuan dauden lau enpresetako bi euren egoera erregularizatzeko izapideak egiten ari direla erantzun digu udalak. Hau da, udalaren jarduera lizentzia eskuratu ahal izateko urratsak egiten ari direla. Beste biez ez du deus esaten idatziak. Erantzunean ez da argitzen, esan bezala, enpresek legea bete dezaten zein neurri hartuko dituen, herritarrak nola babestuko dituen.
Erantzun bat jaso, jaso dugu. Baina hori ez da nahikoa bizi dugun egoeraren aurrean.
Jesus Mari Fernandez Otxoa eta Joxe Luix Agirretxe Mitxelena. Lezoko Badian Bizi.