Gutuna: "Lezoko Udalak klima aldaketari aurre hartu dio"
Joseba Pikabea Lertxundi lezoarrak ondoko gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, haren iritzia hitzez hitz:
“Joan den egunetan Lezoko Udalaren aginduz zuhaizti bat moztu eta desagerrarazi dute Aralar kale inguruan, alokairuzko etxebizitza eraikuntzen aitzakipean (zuhaitzak edo etxebizitzak binomio faltsua erabiliz).
Herritarrok urteetan auzolanean berreskuratu genuen eremu bat berriro udalak axolagabeki nola suntsitzen duen ikusi dugu. Hainbat urte eta garaiera handiko lizarak eta ezkiak moztu izanak herri honetan «jasangarritasuna, ongizatea, agenda 21» hitzekin ahoa betetzen dutenek, guztionak eta are gehiago gure ondorengoenak izango direnen ondasun naturalekiko mespretxua eta hipokresia adierazten dute.
Bitartean, zuhaitzak babesteagatik bi herritarrek 600 euroko isun eskaera bana jaso dute. Herrigintza arazo bat eta zuhaiztien garrantziaz jabetzeko jarrerak gaztelerazko orden público arazoa bilakatzen dute, benetako arazoa ezkutatu nahian. Hau ez da berria herri honetan.
Zorionak udal agintari, teknikari eta burokratak, denon ondarea zuen nahierara suntsitzeagatik. Zorionak, herritarroi zuhaitz hauek sortzen zuten oxigenoa lapurtzeagatik, (agian portuko hautsak hobe?). Azkenik, zorionak herritarren protestak isilduarazi eta zigortzen dituzuen polizi guztiei.
Hau bai dela aldaketa klimatikoari aurre hartzea. Zuei esker azkarrago joango gara pikutara. Zorionak”.Josu Pikabea Lertxundi. Lezo.