Gutuna: "Lurperatzea Antxon; lidergotza falta"
Pasai Antxoren itxura urbanistikoa aldatu egingo da etorkizun hurbilean, eta eragile guztioi dagokigu indarrak batu eta amesten dugun Pasai Antxo berrirako urrats sendo eta koherenteak ematea.
Lehenengo aukera Nafarroako Etorbideko bulebarizazioa da. Pasai Antxoko Tren Geltoki Berria Plataformaren iniziatibaz, ekain honetan Euskal Parlamentuko talde politiko guztiek zera eskatu diote Adifi: estazioa berritzeko proiektua gauzatzerakoan, Antxoko bulebarizazioa posible egingo duen moduan egiteko. Zoritxarrez, Izaskun Gomez alkateak eskaeraren lidergoa hartu beharrean, etsipenezko mezuak zabaldu izan ditu orain arte, martxoko udal plenoan egin zuen bezala (“la bulevarización tendrá que esperar entre 15 y 20 años”).
Bigarren aukera Topoaren lurperatzeak eskaintzen digu. Gauzak ondo eginez gero, abantaila nabarmenak ekarriko lizkioke Antxori: Topoko trenbidearen ondoko etxeek hobekuntza handia izango lukete, eta Topoko arkupeak kenduz gero, gure herri hipersaturatuan lekua lortuko genuke. Gainera, herriko erdigunea berrasmatzeko aukera izango genuke, Ibaiondotik hasi eta Eskalantegiraino luzatuko den tarte zabalean -nabarmena da euriarekin haurrek-eta jolasteko duten espazio estalien gabezia-.
Baina bada gehiago, lurperatze lanetan egungo azoka bota behar dute, eta hori aukera egokia da antxotarrontzat. Izan ere, egungo eraikinak egiturazko arazoak ditu: hezetasun ugari du eta espazioa ondo antolatzeko zailtasunak ditu. Eraitsi behar dutenez, aukera ezin hobea dugu trukean Luzuriagako eraikina kultur eta zerbitzu gune bihurtzeko.
Badakigu honek guztiak baduela bere peajea: hiruzpalau urtetan Antxo hankaz gora izango dugu, eta ezin aipatu gabe utzi gure zorua padura dela eta horrek arazoak eragin ditzakeela. Uste dugu, baina, merezi duela, onurak handiak izango direlako.
Baina merezi du baldin eta ikusmira luzean jokatzen badugu, eta ez motzean orain arte Izaskun Gomez alkatea ari den bezala. Izan ere, entzun baitiogu gerora erabakiko dela Topoaren egungo trazadoarekin zer egin, eta obrak iraun bitartean ez direla arkuak eraitsiko. Eta hori ez dago ongi, arkuak botatzea lurperatzeak ekarri behar duen onuretako ezinbesteko bat delako.
Entzun diogu, gainera, azoka bota ondoren Biteri Plazan eraiki nahi dutela berria elizaren paretari itsatsita. Eta hori ere ez da zuzena: 2009an Biteri Plazan ez eraikitzea erabaki genuen antxotarrok herri kontsultan, eta gerora erabakiko genuela bertan zer egin. Ez da ona, beraz, Biteri Plazaren balizko proiektua hipotikatzea. Baina ez da hori bakarrik: antxotar askok bultzatzen dugu Luzuriagako bulegoen eraikina kultur eta zerbitzu gune bihurtzeko proiektua, eta uste dugu momentu egokia dela ETSri eskatzeko azokaren ordainetan Luzuriaga berregokitu dezan.
Herria hankaz gora izango dugu denbora luzez eta tarte horretan kalte nabarmenak pairatu behar izango ditugu. Baina geroko Antxo berrasmatzeko balio badu, ondo egina egongo da. Horretarako, ordea, nork beretik egin behar du: gizarte-eragileek exijituz, eta udalak eta alkatetzak, orain arte ez bezala, beren lidergoa hartuz, eta ez beste batzuek Pasaiari buruz erabakitzen dutenaren kudeatzaile hutsak izanik.
Jabi Zubizarreta eta Agustin Migeltorena. Pasai Antxo.