GUTUNA: 'Manadaz'
Cristobal Gamon BHIko 4.B gelako ikasleak gara eta Manada kasuan hartu den erabakiarekin desadostasunean gaudela adierazteko idatzi dugu. Guztiok dakigun bezala, Manadako kideei bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zieten, San Fermin festetan neska bat bortxatu zutelako. Hala ere, zigor hori martxan jarri arte, gizon hauek ez daude presoaldi prebentiboan, baizik eta aske. Modu honetan, besteok dauzkagun eskubide eta baldintza berdinetan bizi dira.
Nahiz eta bortxatzaileek egindakoaren eta horrek suposatu duen kondenaren frogak egon, Manadako kideak biktima baino askoz ere babestuagoak daude. Hau guztia oso argi ikus daiteke justiziak gaia nola garatu duen aztertzerakoan. Hasteko, komunikabideek emandako informazioaren arabera, Manadako kideak beste delitu batzuengatik akusatu dituzte; konkretuki, Pozoblancon gertatutako bortxaketarengatik eta betaurreko batzuen lapurretarengatik. Honetaz guztiaz gain, haien lanak eta soldatak mantentzen dituzte, kartzelan egon beharrean. Gauza bera gertatuko litzateke gizon hauek Espainiako nazionalitea ez balute eta guardia zibilak izango ez balira? Etorkinei baldintza berdinetan epaitzen zaie?
Bestalde, biktimaren kasuan, nahiz eta biktima izan, bere hitza zalantzan jarri da; bereziki epaileen eta gizartearen zati baten aldetik. Hau argi geratu da epaiketan garrantzirik gabeko galderak egin dizkiotenean; adibidez, ea alkoholaren menpe zegoen. Interesgarria izango litzateke galdera hau aztertzea: alde batetik, alkohola kontsumitu duena biktima denean zalantzan jartzen zaio. Bestetik, ordea, erasotzailea denean, kondena murrizten zaio.
Hau guztia esanda, egoera hau onartezina dela iruditu zaigu, eta dudarik gabe Manadako kideak kartzelan egon beharko liratekeela uste dugu. Baina, benetan bost pertsonen jarrera aldatu daiteke bederatzi urtez soilik kartzelatuz?
Cristobal Gamon BHIko 4.B taldeko ikasleak.