Gutuna: "Matrikulazio garaia da"
Matrikulazio garaiak ez dira xamurrak izaten. Ikastetxeek bere etorkizuna jokoan izaten dute eta urduritasuna nagusitzen da, bai ikastetxeetan, bai beraien komunitateetan ere.
Ikastetxea aukeratu behar duten familientzat ere ez da erraza izaten. Hezkuntza proiektuak, ideologiak, tradizioak, bizitako esperientziak, espazio eta zerbitzuek, prezioak, atzerriko jatorria duten familia kopuruak, ikastetxearen kokapenak eta beste hainbat faktorek parte hartzen dute erabaki horretan. Ikastetxeekiko ezjakintasunak eta aurreiritziek ere pisu nabarmena dute.
Denok nahi dugu gure seme/alabentzako onena eta batzuk gure herri/auzoentzako hoberena ere bilatzen dugu. Horregatik herrian dagoen aniztasuna bertute bilakatu duen eskola, herriko eragile ezberdinekin lotura eta harreman zuzena duena, luxu bat da. Herrira irekita dagoen komunitate bat; herrira irekia eta herritar guztientzako atea zabalik duena. Herriko jai eta dinamiketan parte hartzen duena. Maila sozioekonomiko guztietako familiek tokia dutena, inolako diskriminaziorik gabe. Euskaraz Euskal Herriari buruz irakatsiko duena.
Batzuk harrokeriaz beraienean matrikulatzeko eskatzen duten bitartean, nik umiltasun osoz herriko euskal eskola publikoa ezagutu eta bertan matrikulatzera gonbidatzen zaituztet.
Amets Bengoetxea, Orereta