Gutuna: 'Mozal legea Oreretan?'
Duela urte batzuk Madrilgo gobernuak mozal legea onartu zuen. Jakin badakigu, eskuinak legea bere interesak defendatzeko erabiltzen duena, kalean egiten diren mobilizazioak debekatuz, trabatuz edo zigortuz. Helburua pentsamendu bakarraren bila, herritarrak isilaraztea da. Leku askotan, modu ezberdinak erabili izan badira ere, kritiko azaltzen diren kolektiboak edo pertsonak isilarazteko saiakerak egin dira eta Orereta ez da salbuespena.
Esaterako, udaleko bilera batean herritar batek udal gobernuaren plan baten aurka hitz egin zuen eta goi kargu batek herritar horri “herritarrak zatitzea bilatzen zuela” leporatu zion, bestelako argudiorik gabe; edota, auzoko bilera batean beste herritar bat udalaren planteamenduen aurka azaldu zenean, baten batek “zu anti…. zara” leporatu zion, inolako argudiorik eman gabe. Halako jarrerak herritar kritikoak edo bestelako ahotsak isilarazteko eta, nolabait, pertsonei omena kentzeko asmoz erabili dira eta erabiltzen dira.
Kalean ere hainbat kasu gertatu izan da. Arramendiren aldeko kartelek eta pankartek gutxi irauten zuten, eta ez zen kale-garbitzaileen ardura-grebagatik, boluntario-talde bat baitzebilen haiek zentsuratzeko prest. Beste behin, kale-garbitzaileren bat hildako gudari baten omenaldia iragartzen zuen kartelak kentzen ari zela, herritar batek “zergatik kentzen zituen kartel horiek soilik eta ez denak” galdetu zuenean, berehala azaldu ziren udaltzainak lasaitzeko eta bake eske. Eta dudarik gabe, kartel horiek soilik desagertu ziren hormetatik. Goikoen aginduak omen. Azkena duela gutxi gertatu da. Patxiku parkean etxe bat eraikitzea salatzen zuten kartelek ez zuten 24 ordu ere iraun. Demokrataren batzuek kartel horiek kendu zituzten, eta ez ziren garbitzaileak izan, bestelako kartelek hormetan jarraitzen baitzuten hurrengo egunetan. Datu bat, Patxikuren aldeko kartelak zeuden lekuetan euskal preso politikoen aldeko kartelak azaldu ziren.
Horrelako kasuak, eta baten bat larriagoa ere, gertatu dira gure herrian. Badirudi zenbait pertsona iritzi bakarra plazaratzen interesatua dagoela eta mozal legea bere kontura aplikatzen duela, besteen iritzia errespetatu gabe. Batek baino gehiagok adierazpen askatasuna zer den ondo azalduko dien ikastaro bat behar dute, zalantzarik gabe.
Santi Angulo, irakaslea. Errenteria-Orereta