Gutuna: "Niessen zinemek euskaldunok diskriminatzen gaituzte"
Santi Angulo irakasle oreretarrak gutuna bidali du HITZAra, Niessen zinemen gaineko gogoeta egiten. Hona, hitzez hitz, gutunaren edukia:
Niessen zinemek euskaldunok diskriminatzen gaituzte
Ez da lehen aldia. Euskarazko film bat estreinatzen duten bakoitzean ordutegi maltzurra jartzen digute, bai astegunetan, bai asteburuan ere.
Oraingoan, Dantza filma estreinatu dute eta hauxe izan da asteburuko ordutegia: ostiralean, gaueko 22:10ean; larunbatean eta igandean, arratsaldeko 16:00etan eta 22:40an. Erdarazko filmek ordutegi zabala duten bitartean, euskarazkoak ordu desegokietan jartzen dituzte, arratsaldeko ordutegi arruntetik kanpo.
Badakit Niessen zinemek etekin ekonomikoari lehentasuna ematen diotena, eta, mundu kapitalista honetan, hori euskaldunok dugun eskubidearen gainetik dagoena, baina inork ez dezala esan hemen euskara gaztelaniaren parean dagoenik.
Tamalgarria da hizkuntzaren arabera gure herrian bi motako herritarrak izatea, edozein unetan bere hizkuntza errespetatzen dioten pertsona eta ia une orotan bere hizkuntza errespetatua izan dadin errebindikatzen ibili behar duena. Badirudi hauexek direla euskararen normalizazioa eta patua, inork ez baitio gaiari tinko heldu nahi.
Santi Angulo. Irakaslea.