Gutuna: "Noiz ikertu eta salatu behar dituzte Pasaiako Portuaren jarduera kaltegarriak?"
Agustina Pontesta Garmendia eta Karmen Clemente Alvaro. Lezoko Badian Bizi taldearen izenean.
Lezoko Badian Bizi taldeko bi kidek gutuna bidali dute HITZAra. Hemen hitzez hitz haien iritzia:
Irailaren 24an Lezoko bizilagun baten aurkako epaiketa burutu zen Donostiako epaitegian, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok bere aurka jarritako salaketaren ondorioz. Bizilagun horrek, Pasaiako Portuak sortzen duen kutsadura eta erakunde publikoek erakusten duten axolagabekeria ikusarazteko protesta batean hartu zuen parte, une labur batean erakundeen ordezkarien aurrean su-hautsa zabalduz biztanleriarentzat jasanezina den kutsadura irudikatu nahi izan zuen.
Hasiera batean Ertzaintzak «Agintearen aurkako atentatua» egotzi bazion ere, azkenean errespetua faltatzearen delitu arinagatik izan da auzipetua. Fiskalak gutxieneko zigorra eskatzen zuen bitartean, Markel Olanoren akusazio partikularrak gehienezko zigorra eskatu zuen, eta defentsak, aldiz, absoluzioa.
Epaitegiaren kanpoaldean elkartu ziren 50 bat pertsonak, epaituari elkartasuna adierazteaz gain, Pasaiako Portuan enpresak kutsatzaile eta erakundeak konplize direla salatu zuten.
Lotsa gutxi behar da, urteak joan urteak etorri, inguruko herritarren bizi kalitatea kaltetzen duten jarduera kutsagarriei eta gainerako arazoei konponbiderik eman gabe jarraitzen duten bitartean, Pasaialdearen berroneratzeaz mintzatzen diren diskurtsoak bota eta oinezkoentzako pasabide baten inaugurazioarekin beren inkonpetentzia zuritu nahi izateko. Bien bitartean, Algeposa enpresaren erantzukizunak ikertu gabe jarraitzen dute: 2018ko udan Lezoko kaian eragindako sute larria, edo 2019koan, Buenavistako kaian egindako deskargak eragindako kutsadura, besteak beste; zeinetan, partikula arriskutsuen tonak eguratsera jaurti eta inguruko herrien gainera erori ziren.
Noiz erakutsi behar du aldundiak protestak zigortzeko erakutsi duen zorroztasuna portuko enpresen jarduera kaltegarriak salatzeko, eta akusazio partikular gisa aurkezteko? Noiz esku hartuko du eskumena duen Jaurlaritzak, noiz portua berea omen duen Espainiako Gobernuak?
Zentzu horretan dagoen aktuazio ezak argi erakusten du erakunde horien konplizitatea, portuan jarduera lizentziarik gabe ari diren enpresa handien interesak lehenesten dituztela bizitza kalitatearen kaltetan.
Badu ardura Arantza Tapia sailburuak eta badu ardura hark izendatu duen Joakin Telleria Portuko lehendakari berriak ere, eta haiei zuzentzen gatzaizkie portuak kaltetutako bizilagunen eskaera nagusiak gogoratuz:
– Merkantzia kutsakorrik ez onartzea.
– Isurketak etetea.
– Material sukoi eta arriskutsurik ez onartzea.
– Zarata maila kontrolatzea.
– Gauez, asteburuetan eta jaiegunetan, lanik ez egitea, bizilagunen atsedena errespetatuz.
– Kutsadura luminikoa itzaltzea.
– Portua herriei irekitzea.
Hasteko, gure egoera larriagotuko duen Garciandia lehendakari autoritario ohiaren Plan Estrategikoa bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen dugu. Plan horren arabera, Portuak 23 milioi gastatu nahi ditu UECC enpresak itsasontzi handiagoak sartu ahal izateko, eta gauez ere lana egin ahal izango luke. Algeposak, berriz, kontenedoreetan merkantzia arriskutsuak zamatu ahal izango lituzke.
Diru hori portuak sortzen dituen arazoak konpontzera, portu garbi bat bilakatu eta benetako ongizate bat lortzera bideratu dezatela eskatzen dugu.
Agustina Pontesta Garmendia eta Karmen Clemente Alvaro. Lezoko Badian Bizi taldearen izenean.