GUTUNA: 'Noizko bestelako etxebizitza politika?'
Oreretan orain arte egin den etxebizitza politikari dagokionez, bi alderditan oinarritu dela esan daiteke:
a) 1998 eta 2006ko Lurzoruen legeak ez betetzean: hauen arabera, Udalek aurrekontutik diru kopuru bat erabili behar dute Lurzoruaren Ondare Publikorako jardueretan, besteak beste eta lehentasunez, etxebizitza sozialak eraikitzeko (hamarka milioiz ari gara). Ordudanik Udalak ez du mota horretako etxe bat ere eraiki.
b) 2004ko Plan Orokorra betetzean: herritarren parte hartzerik gabe, enpresa eraikitzaileen eta banketxeen onurarako egindako plan honek 2012an zuen bukaera data; zoritxarrez, 7 urte beranduago, ia 17 urte dituen plan honek indarrean dirau, benetako beharren errealitatetik oso urruti.
Urte hauetan etxebizitza politika enpresek eta banketxeek ezarri dute beren interesen arabera, espekulazioa nagusituz, eraiki diren etxebizitza gehienak ez baitaude haien behar handiena dutenen eskura. Halaber, Udalak bereak ziren edota eraikitzea zegozkion etxebizitzez Etxebizitza Funtsa sortu ordez, ondare publikoa eta eraikitzeko eskubideak saldu ditu.
Hemendik aurrera zer egingo den ez dakigu. Plan Orokorretik ezin da ezer onik espero. Hala ere, arestian Plan Orokorraren berrikustea onartu du Udalak. Beraz, bestelako etxebizitza politika gauzatzeko aukera egongo da eta, besteak beste, ondoko datuak kontuan hartu behar lirateke:
a) Populazioa ez da handitzen ari. b) Bestalde, eraiki nahi dituzten ehunka etxe herriaren inguruan dauden berdeguneetan daude, klima aldaketaren aurkako borrokak eta senak berak eskatzen duten norabidearen aurka joanez. c) Herritarrok berdeguneak behar ditugu gure bizi-kalitaterako, beraz, daudenak hobetu eta ahal direnak berreskuratu behar dira. d) Halaber, langileen eskubideen aurka emandako estatu-kolpearen ondorioz, premia larriak dituzten sektoreak ugaritu dira, esaterako, gure herrian ez dago egoera larrian bizi diren emakume edota familientzako etxebizitza sozialik. e) Parte hartze prozesuak herri osoari irekiak eta serioak (erabakitzeko eskubideaz) behar dira, ez baita zuzena auzo batzuetako herritarrek herri osoari eragingo dion plana erabakitzea.
Ez da makala arlo honetan eman behar den aldaketa. Baina, zeinek helduko dio espekulazioaren otsoari belarrietatik?
Santi Angulo, Irakaslea