Gutuna: "Orereta: Saltoki txikiak eta auzoak"
Herriko saltokien gaineko eta herritarren ersoteko ohituren gaineko hausnarketa egin du Pelukasek gutunean. Badirudi, osasun larrialdiak tokiko saltoki txikietan erosteko kontzientzia piztu duela, bere esanetan; kontzientzia hori mantentzera deitu du, herri erdialdean, baina baita auzoetan ere.
Noizbehinka saltoki txikien inguruan kontzientzia pizteko kanpainak jartzen dira martxan eta haien mezua Orereta-Errenteriako saltokitan erostera bideratuta egoten da. Izan ere, garaiak aldatu dira, kontsumoa globalizatu egin da eta online erosketek lekua hartu diete saltoki tradizionalei.
Herrian Niessen Merkatalgunea sortu zen, izen bera zuen fabrika zegoen eremuan, eta haren helburua inguruko herritako jendea erakartzea zen. Eraiki zen lurra publikoa zen, eta enpresa pribatu bati eskaini zitzaion 50 urtez, gainera, 10 milioi euro gastatu ziren eraikuntzan; hala ere, ez da nahikoa izan helburua betetzeko. Aipatu beharra dago, behintzat, merkatalgunean kokatuta dagoen herriko merkatuak mugitzen duela jendea. Horretarako ordea, ez zen beharrezkoa hainbeste diru xahutzea…
Dena den, arazo nagusia auzoetan dago. Auzoetako saltokiek egiten duten lana txalotzekoa da, baina gutxika desagertzen ari dira; horren errua, batetik, etxebizitza bihurtzea da, baina bestetik, ezin dira ahaztu inguruan ditugun saltoki erraldoiak – Carrefour, Mamur, Mercadona, Garbera, Txingudi edota Eroski, esaterako –. Gaur egun gutxi dira bizirik dirauten saltokiak, esan daiteke, soilik Beraunen ikusten dela komertzioa mugitzen dela, eta bertako biztanleriari esker da hori.
Agustinak auzoari erreparatzen badiogu berriz, 11 saltoki txiki ikus ditzakegu eta horietatik 3k bakarrik diraute duela 20 urtetik: Model Ile-apaindegiak (1996ko abendua), Ilargi Ile-apaindegia (1990) eta Moran taberna (1974). Gainontzekoak honakoak dira: 4 taberna, 2 jaki-denda, farmazia 1, estanko 1, 2 ile-apaindegi eta Kutxazain automatiko bat.
Alabergan saltoki bakarra dago: Diana Grafikak (1959)
Gaztañon ez dago saltoki bakar bat ere, duela X urte 2 taberna zeuden (horietako bat 31 de Agosto deitzen zen), 2 jaki-denda eta aroztegi bat.
Fanderiari begiratuta, 14 saltoki aurki ditzakegu: 2 taberna, 2 okindegi, liburu-denda bat, ile-apaindegi bat, harategi bat, autovending bat, ikasketa akademia bat, elektrizitate denda bat, dekorazio denda bat, fruta-denda bat, fisioterapia zentro bat, kutxazain bat. Horietatik okindegi bat eta liburu denda bat dira 1999tik bizirik dirautenak.
Lartzabalen taberna bat eta lorategiko materiala saltzen duten denda bat besterik ez dago; azken hori, lehen aulki eta mahai denda bat zegoen lekuan eraiki zuten.
Lehen aipatu bezala, Beraunen badago komertzio ugari, baina kontuan hartu behar da 5.500 pertsona bizi direla bertan. Hala ere, saltoki ugari itxi dira, eta horiek etxebizitza bihurtu; gaur egun ohikoa da aukera hori. Aukera zilegi da, baina immorala ere bai; izan ere, lurraren altueran bizitzea ez da erosoa, gainera, ezin dituzte leihoak apenas ireki eta espazioa oso txikia izan ohi da. Eraikuntzak negozio ona egin zuen gure herrian.
Adreilu eta ugaritze gogoak egin zion kalte gure herrian saltoki txikiari, eta horri gehitu behar zaizkio ditugun 3 Eroski handiak (horietako bi erdigunean)…
Pandemia hau aprobetxatuz, saltoki txiki horietara gehiago jotzen dugula dirudi… Ea horrela jarraitzen dugun, eta kontzientzia hartzen dugun… Ez dadila esanetan soilik geratu….
Juan Diego Ramos Pelukas, Errenteria-Orereta