Gutuna: "Pasai Antxok parte hartzeko prozesu bat merezi du"
Azaroaren 30ean, SOS Antxo Koordinadora elkarteak agerraldi publiko bat egin zuen, abenduaren 11rako sinadura bilketa eta manifestazio bat deitzeko, gobernu-taldeari exijitzeko Pasai Antxoko herritarrekin partaidetza-prozesu bat ireki dezala, hark erabaki dezan topoa lurperatzeko lanak egiteko baldintzak betetzen diren ala ez, eta, hala bada, herritarrek erabaki dezaten nola egin.
Hurrengo egunean, abenduaren 1ean, hori da kasualitatea, Pasaiako alkateak Diario Vasco-n iragarri zuen Udala eta Eusko Trenbide Sarea (ETS) “seguru aski” urtarrilean egingo omen den informazio-saio baterako lanean ari direla, baina esan zuen obrak ez duela udal-lizentziarik behar, eta interes orokorrari baino ez diola erantzuten, eta aditzera eman zuen herritarron iradokizunak entzungo direla; edo akaso, ez.
Hau da, herritarrek, kasu bat jartzeagatik, iradokitzen badute topoaren arkuak botatzea obrak berehala amaitzen direnean, kasu egin dakieke, edo ez. Edo, Antxoko jendeak Biteri Plazan ez eraikitzea iradokitzen badu, 2009ko herri-galdeketan ez egitea erabaki zelako, agian kasu egingo zaio, baina agian ez. Edo herritarrek nahiago badute Biteri plazan, elizari atxikita, Azokaren eraikin berrirako ordaindu beharko litzatekeen dirua baliatu Luzuriagako eraikina kultura- eta zerbitzu-ekipamendurako egokitu ahal izateko, ez dakigu eskaria entzungo den ala ez.
Gure ustez Udalak informazio prozesua ireki behar zuen lurperatze proiektuaren berri izan bezain laster. Hala ere, positibotzat jotzen dugu herriari jakinaraztea obrek nola eragingo diguten, nahiz eta 2021eko urria baino hiru hilabete beranduago izan, orduan hasi behar baitzuten teorikoki. Baina ez dugu onartzen alkatetzak herritarren iradokizun eta eskaerekiko konpromisorik ez izatea. Pasai Antxori ezin zaio esan obrak interes orokorrekoak direla eta, beraz, herriko eremua gainditzen dutela. Antxotarrok gara urteetan zehar topoa lurperatzea eskatu eta nahi izan dugunak, baina ez edozein modutan. Ez da horrela, eta jendearen iritzia entzutea nahi dugu!
Oraindik garaiz gaude gauzak ondo egiteko. Lan horretan ari gara SOS Antxo Koordinadoran, eta horixe bera eskatzen diogu Udalari, informazioaren bidea aukeratzeko, baina baita entzumenarena ere, eta hori ez zaigu ziurtatu aipatutako prentsa-artikuluan.
Izan ere, uste dugu horrelako obra handi bati ekiteko –gutxienez bost urtez hipotekatuko dizkigu gure bizitza sozial, ekonomiko eta kultural guztiak- adostasun sozial handiena behar dela, eta horregatik aldarrikatzen dugu prozesu parte-hartzailea behar dugula, erabaki kolektiboak aintzat hartuko direla ziurtatuz.
Esandako guztia kontuan hartuta, Pasai Antxoko herriari jakinarazi nahi diogu sinadurak biltzeko deialdiari eta hilaren 11rako manifestazioari eusten diegula.
Pasai Antxok parte hartzeko prozesu bat merezi du, lurperatze-lanen berri emateaz gain, bere puntu nagusien erabakia herritar guztien esku egon dadin. Ez dugu bukatu nahi alkateari elkar lanerako deia egin gabe: gure eskua luzatzen diegu herritarroi hitza emango digun partaidetza-prozesu loteslea elkarrekin martxan jartzeko.
Eneko Lilly Lareki. Sos Antxo koordinakundea.