Gutuna: "Pertsonen mugimendu librerako eskubidea"
Hainbat jende hilko delako ez dugu asaldatu behar. Europak horixe nahi du: ideia hori onartzea, ideia hori normaliza dezagun, lotsagorritu gabe, zer jendarte mota izan nahi dugun geure buruari galdetu gabe.
Haien sorlekuak etorkizunik gabeko herriak izatea eragiten dugu; pobrezia larritik, indarkeriatik edo jazarpenetik ihes egin behar izatea. Eta, aldi berean, bizileku hobea bilatzeko migratzea arriskuz betetako bidea izan dadin eragiten dugu, heriotza ere eragin dezakeena.
Planetako biztanleriaren zati bati ezinezkoa egiten diogu bizirik irautea, baina ez dugu horregatik asaldatu behar. Europak nekropolitika deitzen dena egiten du, bizitza batzuek balioa dutela eta beste batzuek baliorik ez dutelako ideian oinarritutako politika, alegia, baina horrek ere ez digu zalantzarik eragin behar. Hain zuzen ere, horixe baita, adibidez, Mediterraneoan, azken urte luzeetan gertatzen ari dena onartzeko modu bakarra da: beren bizitzek ustez babesten dugunak baino balio gutxiago dutela pentsatzea.
Urtero milaka dira Europara iristen saiatzen diren pertsona migratzaile eta errefuxiatuak. Eta Amnistia Internazionalak kalkulatzen du 2000. urteaz geroztik gutxienez 23.000 lagunek galdu dutela bizitza Europara iritsi nahian. Gure mugetara iristea lortzen dutenentzat, Europar Batasunak eta bere estatu-kideek gero eta zeharkaezinagoa den gotorlekua eraiki dute, milaka milioi euro kostatzen diren kontrol sistema konplexuekin hornituta.Pertsona migratzaileak eta errefuxiatuak ere legez kanpo kanporatzen dira, asilo prozesuetarako sarbiderik eman gabe eta, sarritan, euren bizitzak arrisku handian jarriz. Gotorlekura sartzea lortzen dutenek denbora luzez irregulartasunean bizitzea dute sari, hemen hasten duten etapa berri horrek ere ez dezan faltan izan zailtasunik eta erronkarik, harik eta, kasurik onenean, nolabaiteko egonkortasuna eta imajinatu zuten bizimoduaren antza pixka bat duen egunerokotasuna lortzen duten arte.
Europak gu ez asaldatzea nahi du. Baina, hain zuzen ere, horixe da urgentziazkoa: egungo migrazio politikekin gu asaldatzea eta ondorioz, politika horiek eraldatzea. Pertsonak erdigunean jarriko dituzten politikak egitea, pertsona migratzaileen giza eskubideak bermatuko dituztenak, euren jatorrizko herrialdeen egoeran Europak duen erantzukizuna onartuko dutenak eta bizimodu hobea bilatzen dutenentzako ibilbide seguruak bermatuko dituzten bestelako politikak.Era berean, urgentziazkoa da Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta giza eskubideen defendatzaileak kriminalizatu eta erasotzeari uztea; izan ere, haiek dira, migrazio politiketan aldaketarik ez dagoen bitartean, indarkeria instituzionala pairatzen duten bizitza horiei duintasun eta gizatasun apur bat ematen dietenak. Eta, aldi berean, zalantza eragin eta lotsagorritzen gaituzten heinean, jendarte eta proiektu humano gisa beharrezkoa zaigun duintasuna itzultzen digutenak.
Aizpea Otaegi Mitxelena, Errenteriako alkatea.