Gutuna: "San Sebastian International Film Festival vs. Donostiako Nazioarteko Zinemaldia"
Joxe Luix Agirretxe Mitxelena lezoarrak Donostiako zinemaldiaren gaineko gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, hitzez hitz, haren gogoeta:
“Bihoaz aurretik nire zinezaletasuna —erabiltzaile xumearen neurrikoa bada ere—, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia egikaritzeko lan zintzoa egiten duten langileekiko errespetua, eta antolakuntzari buruzko nire ezjakintasunaren oharrak. Tamala da esan beharra, baina gaur-gaurkoz, ekitaldi garrantzitsu hori menderatzaileak herri menderatuan antolatzen duen erakusleiho distiratsua da, gauza guztien gainetik. Beste itxura bat ematen saiatzen diren arren, azala pixka bat urratuz gero, berehala ikusten den egitatea da hori.
SSIFF izena jarri izana adierazgarria da oso, eta letra txikiagoan jarritako euskal izen tranposoak euskara hizkuntza gisa ezkutatzen du, kasu markak ezabatuz. Pentsa zein zatarra den euskara, kasu markak ezeztatu beharra dago edozeri izen polit bat jarri nahi bazaio. Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, antza, izen zatarra eta nabarmenegia da izen nagusia izateko. Beraz, –ko kasu marka eta nazioarteko kenduta, hau da, zikiratuta, eta letra txikian, jartzeko modukoa iruditu bide zaio norbaiti. Ez dadila gehiegi suma hemen hizkuntza bat badenik. Hizkuntza bat bada, herri bat ere badela antzeman litekeelako.
Neurriz kanpo ari naizela pentsa lezake inork… «baina euskara erabiltzen dute-eta irekitze ekitaldian, hainbat filmetan eta sariak emateko unean! Zer dio dena kritikatu beharra izaten duten horietako horrek?». Zinemaldian euskarari ematen zaion tratua subalternotasunaren esparruan kokatuko genukeen tratua da zoritxarrez. Ez osoa eta ez inola ere lehentasunezkoa. Tira! Gure bizitza euskaldun gisa garatu eta bizi nahi dugunoi egunero ematen zaigun tratu bera! Zirkuko bitxikeria bezala erakusten den sentipena eragiten dit… Zerbaitetarako gaude mendean eta ez hegemonian edota botere guneetan. Espainiako telebista publikoaren eta estatuaren itzala luze eta zabalegi ageri da, zoritxarrez, ekitaldi berez zoragarri horretan. Dirua eta zartaginaren giderra haiek dituzte gogor helduta.
Eskerrak ohorezko sariek Donostia izena duten oraindik… Izan ere, Gipuzkoako hiriburuaren euskal izena berreskuratzen hainbeste kosta ondotik, azken bizpahiru urtean berriz ere gaztelaniazko izena gailen ageri da Teleberri-etatik hasita, azken ekitaldi txikiraino. Baina gai horrek ere atal propioa merezi luke; Gipuzkoako lobby espainiarzalea (nork osatzen duten esan beharrik ez dago) egiten ari den ildo bereko urrats gehiagorekin batera. Barrutik jaten ari zaizkigu, eta gu gozo-gozo distirak itsututa”.
Joxe Luix Agirretxe Mitxelena. Lezo.