Gutuna: "SOS Antxok Pasaiako alkateari emandako erantzuna"
Harriduraz irakurri dugu, tokiko kronika batean egindako elkarrizketa batean, alkatea SOS Antxo Koordinadoraren erantzunaren zain geratu dela; lankidetza-eskaintzan hilero bilera bat egitea eskaintzen digu, eta obrak hasten direnean, bisita egiteko aukera.
Bere eskaintza eta harekiko erantzuna publikoa izan denez, eta prentsan, halaxe helarazi nahi diogu guk ere gure erantzuna: SOS Antxo Koordinadorak eskatzen duena Pasai Antxoko herritar guztioi irekitako prozesu loteslea da, bi topo-lerrorekin edo bakarrarekin geratu nahi dugun erabaki dezagun. Edo, bestela esanda, herritarrok erabaki dezagula gutxienez bost urteko iraupena izango duten obrek merezi duten ala ez, jakinik haien bukaeran Antxok bi topo-linea izango dituela luzaroan: berria, lurperatuta; eta zaharra, merkantzien garraiorako erabiltzen jarraituko delako.
Guk ez dugu obraren jarraipena egiteko gaitasun teknikorik -zertarako nahi dugu orduan hilean behin bilera tekniko bat?-, baina uste dugu herritarron gehiengo nagusiaren nahiarekin bat egiten dugula lurperatze-lanak bezalako gai serio batean denon artean erabaki behar dugula esaten dugunean. Halaxe adierazi genuen abenduaren 11ko manifestaziora joan ginen ehunka auzotarrok, eta halaxe adierazi dugu gure atxikimendu idatzia erakutsi dugun 1.250 antxotarrek baino gehiagok: prozesu lotesle bat exijitzen dugu, Antxoko herritarroi hitza emanez, obra horiek amaitzean, ez digute-eta ziurtatzen topoaren egungo trazadura eraitsiko denik.
Beraz, alkateari prozesu loteslearen eskaerarekin bat egin dezala eskatu nahi diogu publikoki. Berari dagokio erantzutea.
Eneko Lilly Lareki. Sos Antxo koordinakundea.