Gutuna: "Zaporeak: Behin eta berriz, janari-bilketa"
Urtarrilaren 16an eta 17an Zaporeak-ek janari bilketa egin zuen Oiartzungo Alcampon. Horren kronika bidali du Jexux Aizpurua Barandiaranek.
Urtarrilaren 18a; Oiartzungo Mamuten 09-15ak dira. Dagoeneko, bada jendea sartzeko zain. Bitartean, Zaporeak-en 6 palet estereoko 6 kaxekin prest daude eta super-merkatuaren barnean ere hiru janari-pila solidaritzarako bereizita dira, bezeroek pasabidean ikus ditzaten.
Ate-atean elkartearen bi zintzilikario erraldoiek kanpainaren mezua agertzen dute. Alboan elikagaiak sailkatzeko mahai bat eta informazio eta abarretarako beste bat daude. Boluntarioak prest dira lanerako. Horretarako, ordea, datorrena agurtu eta ekimenaren berri eman behar zaio ahal den azkarren eta goxoen, behar diren elikagaien zerrendatxoa eskainiz, borondatezko ekarpenik egin nahi izango balute behintzat.
09:30a. Jendea hasi da sartzen; orgatxo eta saski gorri, denak tropelean. Gizarte anitza ezagutzeko aukera paregabea da; kanpainaren berririk ez dutenak, jakinaren gainean direnak, berehala ulertzen dutenak, ustekabean harrapatutakoak, muzin egiten diotenak, beharrean daudenak, hemen ere errefuxiatuak direnak, berriro janari-bilketa zergatik galdetzen dutenak, ezina adierazten dutenak, esan gabe ere larri bizi diren zantzua dutenak eta abar.
Jarrera guztiak errespetatuz, boluntarioek adeitsu jarraitzen dute eginahalean. Eta, pixkanaka, hasierako hoztasuna epeltasun bilakatzen ari da.
Orain batek hau eta beste hark hura, kaxak betetzen hasi dira. Ustezko emaile ziur jotzen denak kale egiten du eta uste ez den bezeroak bere ekarpena egin; a zer poza!
Badira, bitartean, proiektuaren berri edo Lesboseko egoeraz galdetzen dutenak ere, gutxi batzuek izan arren. Guztiak dira eskergarri; zertxobait ematen dutenak eta ematen ez dutenak, bakoitzak baitaki bere berri. Nork epai dezake, bada, besteen borondatea?
Goiza aurrera doa eta kaxak betetzen ari dira. Elikagai bakoitza Lesboseko kanpamendu mixerableetan bizi-irauten ari direnentzat mana da.
Ostiraleko eta larunbateko kanpainak berea egin du.
Hurrengo lana zera da: bildutako guztia kamioian, edo ahal den bezala, Turkiatik oso hurbil dagoen Greziako Lesbos irlara eramatea.
Kanpainak antolatzen badira, bai hemen eta bai kanpoan behar larriak daudelako da. Gipuzkoako elikagai-bankua egunero eta etengabe ari da janari-bilketan eta, aldi berean, janari-partiketan bertako behar-premiak asetzeko.
Eta Zaporeak-ek hor jarraituko du errefuxiatuei egunero milatik gora otordu ematen, Euskal Herriko gizarteak laguntzen dion bitartean. Solidaritza-katea ez dadila eten!