Gutuna: "Zu gabe, zu gabe, hau ez da posible. Orain, gaur, eta hemen dena da posible"
“Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea. Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea”.
Horixe da 21. Korrikak dakarkiguna. Klikaren bidez hautua egiteko gonbidapena: euskara ikastekoa, erabiltzekoa, hitz egiten digutenean ulertzen ahalegintzekoa, egunero hitz gutxi batzuk gehiago ikastekoa… edozein jauzi, txiki edo handi, izan daiteke klika eta horixe da nik gure herriarentzat nahi nukeena. Guztiok, norbere tokitik abiatuta, klika egitea. Eta, Maialen Lujanbiok esan bezala: egin, eragiteko; eragin, eginarazteko.
Soziolinguistika Klusterrak egin ohi duen neurketaren arabera, % 15eko da euskararen kale-erabilera gure herrian (2016ko datua da). Horrek esan nahi du kalean gertatzen diren 10 elkarrizketatatik bat eta erdi baino ez direla euskaraz. Ezagutzari erreparatzen badiogu, berriz, EUSTATen 2011eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistikaren arabera, % 38 gara euskaldunak, baina ia euskaldunek osatutako taldea ere garrantzitsua da, % 28 baitira. Ezagutza eta erabilera datuak elkarren ondoan jarrita, irudi luke euskara gutxi erabiltzen dugula.
Korrika honek omendu duen J.L. Alvarez Enparantza Txillardegik 2001. urtean eredu matematiko bat garatu zuen gune elebidun jakin batean espero daitekeen euskararen erabilera kalkulatzeko. Kalkulu hori egiteko harreman-testuinguru hipotetiko bat eraiki zuen zeinetan hizketaldiak edo elkarrizketak ausaz gertatzen ziren eta zeinetan euskaldunek euskaldunekin beti euskaraz egiten zuten. Txillardegiren formula aplikatuta % 10,1eko erabilera da gure herrian aurreikus daitekeena: alegia, herriko biztanleen arteko harremanak ausaz gertatuz gero, eta euskaldunek euskaldunekin beti euskaraz jardunez gero, % 10,1ekoa dela espero daitekeen euskararen erabilera.
Kale-neurketaren erabilera errealaren eta Txillardegiren formulak ematen duen datuaren arteko aldea azaltzeko bi elementu hartu behar ditugu aintzat gutxienez: batetik, herritarren arteko harremanen multzo handi bat ez dela ausaz gertatzen eta, bestetik, euskaldunen arteko harreman guztiak ere ez direla euskaraz ematen.
Edonola ere, Txillardegiren formulak erreferentzia bat ematen digu eta, bereziki, agerian jartzen diguna da euskaraz jardutea ez dela borondate kontu soila. Euskaraz jarduteko testuinguruak behar ditugula. Eta, horretarako, gakoa da euskararen ulermena unibertsalizatzea eta euskararen bueltan, jarrera eta portaera aktibo eta positiboak ahalbidetzea.
Euskara hizkuntza normalizatua izatetik hurbilago egongo da euskal hiztunek normaltasunez erabiltzeko zenbat eta aukera gehiago eduki, eta normaltasunez erabiltzeak esan nahi du eguneroko funtzio sozial gehienetan erabili ahal izatea, kostu pertsonal edo sozialik gabe, gaztelaniaz jarduten denak baino ahalegin handiagoa egin gabe.
Eszenatoki horretatik urrun egonda ere, Euskaraldiak balio izan du euskal hiztunak aktibatzeko, edozein testuingurutan euskaraz jarduteko hautua sozialki legitimatzeko eta agerian jartzeko denok egin dezakegula ekarpena, denak egin dezakegula klika. Denok egin dezakegula euskararen alde egotetik euskararen alde egiterako urratsa.
Horixe baita, behar duguna, euskararen alde egitea, euskararen alde ekitea. Bide horretan, erakundeei eta gurea bezalako udalei dagokie baldintzak sortzea: Euskaraldiaren testuingurua, markoa eta ariketa praktikoa baliatuta, modu mailakatuan eta banan bana, esparru edo sektore desberdinak inplikatuz joango den estrategia bat diseinatu eta garatzea. Estrategia hori laguntzeko hainbat baliabide eta dinamika jarri beharko dira martxan: euskara ikasteko bekak eta laguntzak, lanbidearen edo norberaren hizkuntza-beharretarako egokitutako ikastaroak, motibazioa lantzeko eta hizkuntza-bizipenak partekatzeko espazioak, herrian ditugun beste hizkuntzekiko aitortza lantzeko ekimenak eta, oro har, hizkuntza-bizikidetzaren inguruan berdintasunean oinarritutako paradigma bat gizarteratzeko ekimenak.
Ongi diseinatutako epe ertaineko estrategia bat behar dugu, beraz, gure politiken esparruan zentralitatea izango duena. Baina Euskaraldiak erakutsi digu ongi diseinatutako ekimen bat edukitzea bezain garrantzitsua dela eragileen arteko lankidetza eta artikulazioa. Korrikaren abestiak dio: “Zu gabe, zu gabe, hau ez da posible / orain, gaur, eta hemen dena da posible”. Korrikak eman ohi digun txutea baliatuta, hel diezaiogun, bada, mezu horri. Eskutik helduta, lankidetzan jardunez, egin dezagun gaur eta hemen dena posible.Aizpea Otaegi Mitxelena, Errenteria-Oreretako EH Bilduren alkatetzarako hautagaia