Urko Etxebeste / HITZAren zuzendaria
Oarsoaldeko Hitza-k hamabost urte beteko ditu aurten.
Bidasoko Hitza-k, berriz, hamar 2019an. Urteurren biribilak ospatzeko joera handia da gure artean. Eta Hitza-k bat egin du joerarekin. Aurten Oarsoaldeko atalaren hamarkada eta erdiari gorazarre egiteko lanean buru-belarri gabiltza. Lelo eta guzti dugu:
Gurea da Hitza.
Gurea hitzarekin ez dugu esan nahi Oarsoaldeko eta Bidasoko euskarazko hedabidea argitaratzen duen enpresarena, edo langileena (eta langile izandakoena) denik. Ez. Alderantziz.
Gurea-rekin adierazi nahi izan duguna da zuena ere badela tokiko informazioa egunero lantzen duen hedabidearen jabetza, zuengatik, harpidedunengatik batez ere, iraun duelako egitasmoak hamabost urtez. Eta iraupenaz ari garenean, ez gara ari soilik babes ekonomikoaz; zuengana jo dugun bakoitzean, dela erreportaje bat lantzeko, elkarrizketa bat egiteko, albiste txiki bat osatzeko, beti baiezkoa eman diguzue. Zentzu horretara eraman nahi dugu
guretasuna, egitasmo baten laguntzaile edo parte hartzaile baino gehiago kontsideratzen ditugulako behin, noizean behin, askotan eta oso maiz gure albisteren bat irakurri dutenen ekarpena. Hitza zuek baitzarete batez ere. Gurea da esan dezakezue zuek ere, harro gainera.
Gurea-rekin adierazi nahi izan duguna da zuena ere badela tokiko informazioa egunero lantzen duen hedabidearen jabetza, zuengatik, harpidedunengatik batez ere, iraun duelako egitasmoak hamabost urte.
Oarsoaldeko Hitza-ren urteurrena baliatu nahi dugu orain arte egindako lan guztia balioan jartzeko, esateko ez dela erraza izan hainbeste urtez milaka eta milaka albiste sortu, horiei irudia jarri, eta aldi berean horiek ahalik eta erarik egokienean zuregana iristaraztea. Eta aldi berean kontziente gara duela hamabost urte, eta egun ditugun irakurleen informazio kontsumo ohiturak asko aldatu egin direla. Jarraitzen dugu papereko edizioa ostiralero harpidedunen postontzietan uzten, baina beste milaka irakurle izatea lortu dugu Internetek eta sare sozialek ematen dituen aukeren bitartez; harpidetzak ematen duen babes eta lotura hori ez dutenak ere baditugu egunero-egunero guk sortutakoak kontsumitzen, eta haiengana ere iritsi nahi dugu, haien babesa ere beharrezko dugu. Belaunaldi berrietara ere iristeko asmoa dugu hamabosgarren urteurrenaren erakusleihotik.
Jada hasi gara bide hori urratzen. Aspaldi egin gabe genuen ariketa bati ekin diogu horretarako: zurekin zuzenean, aurrez aurre jartzen hasi gara, elkarren ondoan esertzen hasi gara gureaz, eta zuenaz hitz egiteko.
Hala, egingo dugunaren berri emateko batzarrak egin ditugu herriz herri, eta aldi berean, hainbat sektoretako eragileekin —ikastetxeak, sindikatuak, alderdi politikoak, elkarteak, kultur taldeak— konpartitzen hasi gara esku artean duguna. Norbanakoen atxikimendua ere bilatzen ari gara, sektoreka babesa jasotzeko argazkiak ere egiten ari gara, gure medioen bitartez urteurrenaren berri ematen ari gara… Hau da, kanpaina betean gaude. Gaurtik aurrera, eta astero-astero, hainbat aurpegi ezagun ikusiko dituzue Gurea da Hitza esaten.