Bira
Gazte batek eraso homofobo bat jasan du Basaurin. 2021eko ekaina. Euskal Herria. Bi eraso homofobo eta eraso matxista bat salatu dituzte Zornotzan. 2021eko ekaina. Euskal Herria.
Bi titular.
Orain eta hemen ari da gertatzen hau. Sexu askapenerako nazioarteko egunaren bezperetan. Harrigarria iruditzen zitzaiola aipatu zidan lagun batek, eta ni harrigarria baino larrigarria delakoan nago. Larria baita gertatzen ari dena, heteronorma kapitalistak duen indarra. Baina zoritxarrez, ez nau gehiegi harritzen. Jendarteko joerei begiratuz, gure eguneroko balioei eta gure zilborrari begi kritikoz begiratuz gero, norantz goazen ikus dezakegu. Eta horrek ahalbidetzen ditu horrelako jarrerak, guk geuk nolabait babesten ditugulako sarri.
Ez delako soilik zer esaten dugun, nondik esaten dugun ere garrantzitsua da. Deseraikuntza dakar horrek, talka, eztabaida eta eraldaketa. Pertsonala zein kolektiboa. Eta hori izan ohi da zailena, pertsonala politikoa dela aspaldi ikasi bagenuen ere, egunerokoan praktikara jauzi egitea zaila delako.
Inork ez zuen esan erraza izango zenik, baina arrakaletatik abiatzeko garaia dugu, eta jada berandu goaz. Tabernetako elkarrizketetan, sare sozialetako biralidadeetan edota kaleko begiradetan aurreiritziak dira nagusi. Batzuoi eraldaketa bat ematea dagokigu, entzutea, hausnartzea, eta besteoi aurrera urrats bat egitea, ahotsa altxatzea, ikusaraztea.
Egoerari buelta emateko asmoz dator Harrobira. Transmarikabibollo kolektiboak antolatutako ekintza aldarrikatzaileak Oarsoaldeko kaleak hartuko ditu. Bira egoera iraultzeko, bira mugikorra delako, eta bira geltoki ezberdinak dituelako. Bizikleta bira antolatu dute, norberak aldatu ditzan bere martxak, norberak erabakitzeko noiz sakatu balazta, norberak sumatzeko noiz atera zaion katea eta nola sentitzen den askeago. Eta harro bigarrenik. Bira ematez harro gaudelako, pedalkada bakoitzaz, geltoki eta geldiune bakoitzaz. Kolektiboaz harro, elkarrekin borrokatzeaz, borroka pertsonalak borroka kolektiboak ere badirelako. Harrokeria eta harrotasuna bereizten dituen muga ia ikusezina den garaiotan, –keririk gabe harro sentitzea ederra delako. Ekainak 28an harrotasuna aldarrikatzea politikoa delako.
KUKU martxa antololatu da Oarsoaldeko herrietan zehar. 2021eko ekainak 26. Euskal Herria.
Titular bakarra. Hau ere bada gure herria, eta hau ere bagara gu.