Itsaso Etxegarai: Ategorrieta 1931 gogoan
Martxa bat antolatu dute biharko, Ategorrietako sarraskian gertatutakoak gogoratzeko.
Uda hasiera gogor bezain odoltsua izan zen 1931koa Pasaiako langileentzat. Gogora dezagun: apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatu zen, Eibarren hasi eta Espainiako Estatu guztian. Alabaina, lan baldintza eta esplotazio egoera orokorra zen, eta horrekin batera, pil-pilean zegoen langileriak ez zituen bere aldarrikapenak alde batera utzi. Pasaiaren kasuan, greba ugari izan ziren aurreko hamarkadetan, eta itsasontzietako langileria migratzaile eta bertakoa tinko zegoen. Hala, maiatza amaieran, Kantauri itsasoko portu ugari greban sartu ziren, atsedenaldi eta soldata duinagoak aldarrikatzeko.
Hala, eta bezperan presentzia militarragatik martxa bertan behera utzi ondoren, maiatzaren 27an bi mila langiletik gora Pasaian elkartu eta Donostiara bideratu ziren. Pankartetan, bi lelo, Ogia gure seme-alabentzat eta Askatasuna gure kideentzat. Dirudunen perla ederra beren aldarrikapenez zikindu ez zezaten, Espainiako Gobernuak militarrak bidali zituen martxa etetera tiro egiteko aginduarekin.
Antza denez, Fernando Sasiain alkate errepublikar donostiarrak Ramon Maria Aldasoro gobernaria presionatu zuen agindu horiek eman zitzan. Mirakruz gainean eta bideko beste puntu batean, soldaduska egiten ari ziren militarrek uko egin zioten obeditu eta herritarrak akabatzeari. Manifestazioko gizon-emakume zein haurrek aurrera egin zuten, Ategorrietako erloju parean Guardia Zibilak tiroka eraso zituen arte. Sarraski honetan, hala, Errepublikaren ordena publikorako indarrek zazpi pertsona erail zituzten: Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo Martinez, Antonio Barro, Julian Zurro Perez, Jesus Camprosola eta Manuel Lopez Diaz. 34 urtetik beherakoak denak, penintsulako hainbat txokotan jaiotako pasaitarrak.
Egun batzuen buruan, grebalarien aldarrikapenak onartu zituen Espainiako Gobernuak, greba amaituaraziz. Hurrengo urteetan, langile borroka ugariak kolpe faxistak eta trantsizio sasi-demokratiko ilunak isilarazi zituen, eta gaur arte dirauen ahanztura erori zen gertakari odoltsu hauen gain.
Urte asko igaro dira geroztik. Itsasoko langileez gain, hamaika motatako langileok —baita soldatapeko lana errefusatzen dugunok ere— bizirik diraugu. Haien bidetik, guk ere mila modutan borrokatzen baitugu, mobilizazio, ekintza zuzen, eta eguneroko eraikuntza prozesuetan murgildurik. Ategorrietan bertan, duela bi urte eskas, erregimen jeltzalearen indarrek, esaterako, Kortxoeneako kideak jipoitu zituzten.
Portuetako langileak borrokan dauden moduan, Gipuzkoa osoko herritarrek errauste plantaren aurrean gure bizitza defendatzen dugu, eta desobedientzian jarraitzen dugu, legeen aurkako borrokan, gure lagun Martinek mozal legearen aurka egin bezala (doakiola besarkada iraultzaile bat).
Gauzak horrela, oroimenagatik, duintasunagatik eta gure asmo iraultzaileen defentsan, inongo gobernu aldaketez fidatu gabe, borrokan jarraituko dugu. Horretarako, larunbatean, hilak 27, Herrerako tren geltokitik Ategorrietako erlojura arteko bidea egingo dugu, 11.30ean abiatuta.
Gertaturikoak eta sufritutakoak ahanzturan gera ez daitezen, herri oroimena sortzen jarraitzeko martxa honetara gonbidatuta zaudete.