Korrika normaltasunaren kontra
KALE KANTOITIK
Konturatzen zara goizetan ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?» .
Oraindik oihartzun egiten didate barruan Joseba Sarrionandia idazlearen hitz eder horiek. Aurreko Korrika Iruñera iritsi zenean, Euskal Herriaren barrena, eskuz esku, eramaten lagundu genuen lekukoaren barruan zegoen mezu sekretuaren azken hitzak izan ziren. Ezpainetan ezti tanta gozoaren antzera senti dezakezun hori, noski, euskara da.
Iruñeko kaleetatik barrena lau haizetara barreiatu zen mundura Sarriren mezua. «Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsala da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako. Denona da, dena pribatizatzen ari den sasoian. Ez da agortzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunotan. Eta dohainik erabiltzen dugu, gehien-gehiena ordaindu behar izaten denean. Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago. Lapur altxorra balitz bezala edukiko dugu zulo ilun batetan ezkutaturik?», galdetzen zigun idazleak urruneko lurraldeetan izkiriatu eta eskuz esku, herriz herri, ibili zen lekukoaren barrunbeetan ezkutatuta zegoen mezuan.
Bi urte igaro dira mezu hura aireratu zenetik, eta 21. Korrikak dagoeneko igaroak ditu Euskal Herriko bazter gehienak, bi egun barru iritsiko da aurtengo helmugara, Gasteizera.
Bi urtez behin ari gara korrika 1980 geroztik, zoro batzuek Oñatitik Bilborantz «Zuk ere esan bai euskarari» esanez korrika ipini gintuztenetik. Ordutik, «AEK, euskararen alternatiba herritarra eta Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde», «Eukaraz eta kitto», «Herri bat hizkuntza bat», «Euskara, zurea», «Euskara korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK», «Korrika euskara, Euskaraz Euskal Herria», «Denok maite dugu gure herria euskaraz», «Jalgi hadi euskaraz», «Euskal Herria Korrika», «Zu eta ni euskaraz», «Mundu bat euskarara bildu», «Herri bat geroa lantzen», «Euskal Herria euskalduntzen, ni ere bai», «Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari», «Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!», «Maitatu, ikasi, ari… euskalakari», «Eman euskara elkarri», «Euskahaldun», «Batzuk» eta, azkenik, «Klika» esanez korrika egin dugu Euskal Herriko bide handi eta txikietatik, bide erraz eta zailetatik, malkartsu eta lauetatik.
Milaka kilometrotan 21 irudi, kanta eta esaldi. Baina, batez ere, milioika taupada eta urrats sendo, euskararen eta herri honen alde. Ez baitezagun ahantz, euskararen normalizazioak askotan ezkutatu edota disimulatu nahi den zapalkuntza argitara ekartzea behar duela. Ane Ablanedo irakasleak berriki Zapalduen pedagogia artikuluan idatzitakoa aipatuz, «…denaren gainetik, injustoa da: zapaltzaileen erruduntasuna eta ardura zurituta, ikasleak izendatzen dituelako euskararen alde egin beharko luketen hautuaren erantzule bakar».
Prestatu oinetako erosoak gauean korrika egiteko. Oreretarrok lekukoa Gasteiza irits dadin lagundu behar dugu. Korrika ari zaren bitartean, edo Korrikari begira zaudela, galde iezaiozu zure buruari: euskara zulo ilun batean edukiko dut ezkutaturik ala goizero ezti tanta gozoa bailitzan ezpainetan izango dut?
Nik egin dut nire hautua. Sarriren ahotsaren oihartzuna datorkit berriro Iruñetik: «Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da, oraindik!».