Mozorroa
Hasiak dira inauteriak, Ituren eta Zubietako joaldunak, Zalduondoko Markitos, Lantzeko Ziripot eta Mielotxin. Mozorroa jantzi eta musikaren laguntzaz ongi pasatzeko herri adina aukera badugu.
Ez naiz hemen hasiko inauteriek zer esanahi duten aztertzen, baina beste deus baino lehenago azaldu nahi nuke Oier Araolazak mozorroaren eta disfrazaren arteko bereizketa egiten duela, eta niri, gaurkoan arrunt bereizketa interesgarria eta emankorra iruditu zaidala.
Disfraza janzten duenaren helburua, zerbait janztea da; hau da, aukeratzen du berea ez den nortasun edo izaera bat, dela pirata, erizaina edo itsasgizona, eta hori bereganatzen ahalegintzen da. Jendearen aurrean agertuko da eta disfraza zenbat eta hobeki egina dagoen, orduan eta lore gehiago jasoko du. Mozorrotzen denak, berriz, helburu nagusi bat du: bere burua ezabatzea; ez du nahi izango besteek bera nor den jakitea; hortaz, bera ez da agertuko.
Nahiko hurbiletik ezagutu izan ditut Arizkungo inauteriak, eta beti txunditu izan nau hango gazteek nola bizitzen dituzten ikusteak. Puskak biltzen bi egunez leher egin arte, gauean parranda koskorra, eta Hartza inauteri asteartean. Hartzaren ikuskizunak zirrara eta urduritasuna eragiten du, eta baita harekin etortzen diren mozorroek ere. Ikuslea ez da lasai egongo Hartza kale nagusitik, domatzailea lagun, goitik beheiti etortzen denean. Hamabost urte egin zain egoten dira gaztetxoak mozorrotu eta inauterietan parte hartzeko.
Beste inauteri mota bat daukagu Zuberoako maskaradetan, urtarriletik pazko igande arte jai oroz ospatzen dutena. Urte bakoitzean herri bateko gazteek egiten dute, eta jakina, ez baitira herri oso populatuak, herriko gazte guztiek parte hartu behar izaten dute. Ikuslearengan miresmena eragiten du ikusteak nola Zuberoako herri guztiak biltzen dituzten maskaradek. Ekialdeen kokatua dagoen lurraldea da Zuberoa, hustuketa handiena jaso duena, eta neurri batean barruranzko indar ikaragarria duena. Maskaradek eta Pastoralek zeresan handia dute barne kohesio horri eusteko eginkizunean.
Oiartzunen inauteri herrikoia galdu egin zen frankismo garaian, eta baita inauteriekiko lotura esanguratsua desegin ere. Halere, duela 25en bat urte, Oiartzunen garai bateko inauteriak berreskuratzeko gogoa piztu zen, eta horrela hasi ziren intxixuak Aiako Harritik gure herrira etortzen aste bukaera batez dena aldatzeko.Urte batzuk badirenez Ihoteak ospatzen ditugula gazteentzat eta haurrentzat betikoak dira; horiek dira herriko inauteriak.
Oier Araolazaren hitzetan, neguko festen ezaugarriak dira baserriz baserri edo etxez etxe eskean aritzea mozorrotuta musikaren laguntzarekin. Modu horretan, helburu bat baino gehiago betetzen omen dira: herritarren arteko harremana estutzea, helduen eta gazteen arteko transmisioa ziurtatzea, herrian etxe bakoitzean nor eta nola bizi den ezagutzea, eta baita herria bera noraino zabaltzen zen jakitea ere.
Gaur egun —liberalismoa nagusi baita— norberaren askatasuna, erabakitzeko ahalmena eta izaera bereziari ematen zaio lehentasuna, kontuan izan gabe, gizatalde baten baitan bizi beharra dugula. Horrelako festetan, ordea, norberaren identitatea azpimarratu beharrean, leku bateko herritar izateak hartzen du garrantzia; herritarren arteko loturak. Mozorroari esker, inauterietan, norberaren identitatea ezkutatu egiten da, eta besteekin bat eginez, egun batzuk giro onean, jan-edanean eta egunerokotasunak ezartzen dizkigun arauetatik kanpo bizitzen gara.
Askotan galdetu izan diot nire buruari ea gure inauteriek benetakotasunik ba ote duten, edo neurri batean asmakeria hutsa ote diren. Baina ikusitakoak ikusita esan dezakegu Oiartzungo Ihoteek betetzen dutela neguko festek tradizioz izan duten helburua, herria kohesionatzea, alegia.
Gure aitak esaten du: «Gizakia agertu zenean ezkutatu ziren lur azpian jentillak». Eta nik diot, «Intxixuak haien garaikoak dira».