Ongi etorri anfibioak
KALE KANTOITIK
Gaur egun hedabideetan albiste baikor bat agertzea hain zaila den garaian, URA Agentziak Oiartzun ibai-ingurunea lehengoratzeko eta anfibioentzako urmael bat sortzeko obrak hasiko dituela irakurri ahal izan dugu agerkari digital batean.
Errenteriako Udalak 2015eko abenduaren 2an, Oiartzun Ibai Inguruneko Paisaiaren Ekintza-Plana onartu omen zuen. Horrela, azken urteotan hainbat ekimen burutu dituzte Oiartzun ibaiko ibai-habitataren hobetze ekologikoari begira: Fanderiako arrapala, ur beltzak bildu eta uraren kalitatea hobetzeko jarduerak, izokin arruntaren itzulera, altzadien berreskuratze biologikoa eta abar.
Urmaela, meandroa, anfibioak aipatzen ditu albisteak. Baina zein dira anfibioak? Wikipediaren arabera, animalia horien berezitasun nabarienak dira, larba fasean brankien bidez eta heldu fasean biriken bidez arnasten dutela, eta bere bizi-zikloan zehar metamorfosia jasaten dutela. Bizirik dirauten anfibio-ordenak hiru dira: Anura (igel eta apoak), Urodela (uhandreak) eta Apodak (zezilioak). Lehen anfibio-talde nagusiak Devoniar garaian agertu ziren, duela 370 milioi urte. Ikastola garaian, bizidunak animalia eta landare artean sailkatzen genituenean, urlurtarrak esaten genien haiek dira, beraz. Zenbat ahaztutako hitz berreskuratu ditudan albisteari esker!
Hizkuntzarenaz gain, beste hari batek eman dit arreta: Oiartzun ibaia leheneratuko dute. Ibaiak izan zuen beste lehen bat, hortaz, meandro bat ostu genionekoaren aurrekoa. Izan ere, joan den mendearen 40ko hamarkadan, Papelerako adreilu gorriko eraikuntza lehortutako meandro baten gainean eraiki zuten, ibaiaren ibilgua lekualdarazi zietenean gerrako esklaboei. Ibai ertzeko gure pasioetan askotan pentsatzen dut guk ibaian eskua sartu aurretik, Urdaibai txiki bat izango zela Oiartzun ibaiaren itsasoratzea. Liburu zaharretako grabatu eta argazkietatik abiatuta irudikatu dut, sarri.
Lehengoratu ote daiteke Altzate? Plaia irakurriko ote dugu sekula Oiartzun ibaiaren lehengoratze ekimenen artean? Ederra litzateke —imajinatzen duzu?— Kaputxinotako gaineko tuneletik irten eta zein bista ederra zabalduko litzaigukeen? CAMPSAko horma zaharrak erautsi eta urari bere bidea egiten uzte soilarekin? Milaka kilometro egiten ari diren hegazti migratzaileentzako hotel aparta litzateke, zalantzarik gabe.
Bizidun berriak datoz ibaira. Gu, ibai ertzetan bizi diren bizidunetako batzuk besterik ez gara, gure handiustean ibaia ia ito arte zokoratu, zikindu eta ia hil egin dugunok gainerako bizidunen gainetik jarri nahi horretan. Eta hori, azken bi mendeetan egin dugu. Ibaiaren eta bertan bizi zirenen historiaren azken bi minutuetan.
«Gaur egun txori guztiei txori, arbola guztiei arbola eta zomorro guztiei zomorro deitzen diegun garaian, ederra da euren bizi-ingurua lupa txikiagoz eta zehaztasun handiagoz ezagutzen eta izendatzen zutenen jakinduria jasotzea. Hitzetan mundu bat, oso eremu jakin bateko —Urumea erreka ingurukoa— eta nonahikoa dena aldi berean». Maialen Lujanbio bertsolariaren hitzak dira, Hernanin egin zuten Burbunak eta Etsayak dokumentalaren karietara esandakoak.
Zorretan gaude naturarekin, euskararekin, bizitzarekin, beste bizidunekin. Bazen ordua gure zorra kitatzen hastekoa. Hasi gara, ea itsasoraino iristen den kontugarbitzea eta anfibioen atzetik uxatu genituen gainerako espezieak ere itzultzen diren.