Zur eta lur utzi nau egunotan Kanariar Irletako gazte batek kontatutakoak. Bere kide bati gertatu zitzaion. Lanbidez animalia hezitzailea zen, ikuskizunak eskaintzen dituen parke horietako batean. Oraingoan, ekarri berria zuten orka batekin ari zen prestatzen, zuzendaritzak Gabonetako egutegian jarria zuen ikuskizuna. Denbora gutxi. Animaliak hezteko langintzan inoiz azaldu behar ez duten presak eta urduritasunak sortzen […]
Zur eta lur utzi nau egunotan Kanariar Irletako gazte batek kontatutakoak. Bere kide bati gertatu zitzaion. Lanbidez animalia hezitzailea zen, ikuskizunak eskaintzen dituen parke horietako batean. Oraingoan, ekarri berria zuten orka batekin ari zen prestatzen, zuzendaritzak Gabonetako egutegian jarria zuen ikuskizuna. Denbora gutxi. Animaliak hezteko langintzan inoiz azaldu behar ez duten presak eta urduritasunak sortzen hasi ziren. Hezitzailea orkaren portaera urduriaz ohartzen hasi zen. Zuzendaritzak nola edo hala Gabonetarako nahi zuen funtzioa. Hezitzaileak —hala kontatu zien lagunei— begirada ezohikoa, arraroa, beldurgarria sumatu zion urpean orkari. Zuzendaritzari jakinarazi arren, ikuskizunari eutsi beharra zegoela esan zioten maisu gazte mileuristari. Hurrengo entrenamenduan orkak eraso egin eta hil egin zuen. Enpresak ordezkaritza bidali zuen hiletara. Eta… ezer gertatu izan ez balitz bezala egin zuten Gabonetako ikuskizuna.
Diruak, ekonomiak, merkatuek… ez dutela pertsonarik ikusten. Horixe izan zen solasaldiaren ondorioa, eta Greziara bideratu genuen hurrengo hausnarketa.
2007an Estatu Batuetan sortutako finantza krisiak domino efektua izan zuen merkatuetan. Greziak, Irlandak eta Portugalek laguntza eskatu behar izan zuten, eta erreskatera atera behar izan zitzaizkien Europako Batasuna, Munduko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala. Troika horren begiradapean egin ditu Greziak azken lau urteak, eta erreskateko dirua jasotzearen ordainetan, herrialdea pobretzen joan da, gero eta gehiago, herritarren herena osasun sistematik kanpo geratu arte. Merkel alemaniarrak eta Europako Batasunean indartsu dabiltzan beste herrialdeek gerrikoa estutzearen botika agindu diete, ez itotzeko, maileguak jaso behar izan dituzten herrialdeei. Greziak bere Barne Produktu Gordinaren %175eko zorra du; 317.000 milioi eurokoa; 141.800 milioi euro, bigarren erreskatekoak. Bi hitzetan: itota dago.
Alemania ere itota zegoen, 1953an, Lehen eta Bigarren Mundu Gerrek eta gerraosteak eragindako zorraren ondorioz. Urte hartan, ordea, Londresen nazioarteko batzarra egin zen Alemania salbatzeko, eta zorraren %62,6 barkatzea onartu zuten 25 herrialde hartzekodunek. Tartean zen Grezia. Greziak barkatu egin zion bere partea.
Jakin beharko luke Merkelek zein garrantzizkoa izan zen zorraren zati handiena barkatzea, gerra osteko Alemania birrindu hark burua altxa zezan. Orain, ordea, Alemaniak ez du horrelakorik onartzen Grezia birrinduarentzat.
Greziako herritarrek aski dela esan nahi izan dute botoa Syriza alderdiari emanda. Tsiprasek ondo entzun ditu herritarren kexu eta eskaerak. Ausarta izan da. Ausarta behar du Europako Batasunari, eta Alemaniari zehazki, aurre egiteko. Grezian, inposatutako austeritatea amaitu dela esan dio Tsiprasek Merkeli, eta horren adierazgarri, gobernua eskuratu orduko, beste neurri batzuen artean, gutxieneko soldata igotzea, pribatizazioak etetea eta saiheste fiskalari aurre egitea erabaki du. Gero etorriko dira zorraren ordainketaren inguruko negoziazioak.
Gobernua 18 ministrotatik 10era murriztu izana goraipatu zaion lehen ministro berriak galtzak bete lan izango ditu datozen hilabeteetan. Zenbaitzuk eskertu dugu gorbatarik gabeko gobernuaren argazkia. Baina, aldi berean, ez dugu ontzat jo ministro bat bera ere emakumea ez izatea. Hutsegiteak konpontzeko denbora dagoela sinetsita, aitor diezaiogun Alexis Tsiprasi, Troika izeneko orka beldurgarriari aurre eginda, pertsona diruaren gainetik jarri izana.