Pasaia Garbia Plataforma: Inposaketarik ez, kontsulta orain
Pasaia Garbia herri plataformatik herri kontsulta egiteko eskakizuna egiten diogu Bilduri inposatu nahi diguten hondakinen sistemaren aurka gauden guztion izenean. Zergatik ez diguzue erabakitzen uzten zein sistema nahi dugun gure herrian? Asko gara atez ateko sistemaren aurka gaudenak eta ekintza desberdinen bitartez azaldu dugu gure aurkakotasuna, eta aurkakotasun bera erakutsi genuen Bilduk antolatutako “parte hartze prozesuan”, baina udal gobernuak ez ditu gure iritziak kontutan hartu nahi izan.
Zergatik Bilduk ez du Igeldon egin zen moduko herri kontsultarik egin nahi Pasaian? Igeldotarrek guk baino erabakitzeko eskubide gehiago al dute? Edota herri kontsultak zuen interesak tarte dauden kasuetan bakarrik egiten dituzue? Hori da Bilduren demokrazia.
Bestalde, ez dugu ulertzen Bilduren atez ateko sistema ezartzeko burugogorkeria, izan ere, Legazpiko datuek 5. edukiontzia ezarriz emaitza hobeak lor daitezkeela frogatu baitute. Donostian, Zarautzen, Azpeitian, Elgetan, Zumaian, Arrasaten… 5. edukiontzia ezarri dute Bildu gobernuan egonda. Atzo bertan jakin genuen Beasaingo alkateak, hau ere Bildukoa, 5. edukiontzia ezartzeko erabakia hartu duela. Zergatik balio du 5. edukiontziaren sistemak Gipuzkoako hainbat herrietarako eta ez Pasaiarako? Bigarren mailako herritarrak al gara? Zergatik ez du balio sistema honek Pasaiarako?
Pasaia Garbia herri plataformatik galdegiten dugu ea Bilduren inposaketa hau ez ote den interes politikoen emaitza. Zuen helburu bakarra atez atekoa inposatzea da, zuek aurretik erabakitako herrietan. Herriari bizkarra ematen ari zarete gehiengoak nahi ez duen eta garestiagoa, zikinagoa eta intimitatearen aurkakoa den sistema inposatzen. Nola uler daiteke sortzen dugun zaborra antxoko lokaletako atezainei erakutsi behar izatea edukiontzietara bota aurretik? Ez dugu zabor poliziarik nahi.
Horregatik Bilduko gobernuari Pasaia osoan atez ateko sistema ezarri aurretik hausnarketa egiteko eta herri kontsulta demokratikoa egiteko eskatzen diogu, horrela jakingo baitute pasaitar guztiek zer nahi duten.