[Gutuna] Presoen hurbilketa, denon arazoa
Dispertsio politikaz mintzo da Josune Errandonea errenteriarra ondoko gutunean. Presoentzat baina bereziki senide eta lagunentzat zigor krudela dela sakabanaketa salatu du, baita egoera horrekin amaitzea denen ardura dela esan ere.
Bizitzan gertatzen diren egoera jakin batzuek eraman naute Algecirasen dagoen Mikel Arrieta, gaixo larria , bisitatzera. Aurreko urtean hasi nuen Mikelekin harremana; nire bi alaben lagun-minak dira Mikelen bi iloba. Bere egoeraren berri neukan; Errenterian bizi naiz eta herrian zeuden bi gaixo larrien berri baneukan, baina halako distantzia jakin bat mantenduz. Errenteriarra naiz, euskalduna, baina inoiz ez naiz izan ezker abertzaleko herri mugimendu baten partaide aktibo.
Mikelekin eskutitz bidez hasitako harreman honek eraman ninduen egoeraren berri modu kontzienteago batez izatera. Herrian egin zen azken salaketa kontzentrazioan parte hartu nuen, baina distantzia batean kokatuta. Sarek antolatu zuen kontzentrazioa, eta eguerdian Teleberri-n ikusi nuen prentsa aurrean hitz egiten ari zirenak ez zirela betikoak. Konkretuki bat Lurdes, herriko Madalena ermitako laguna, Errenteriako elizarekin lotura duen pertsona. Humanitate aldetik salatu zuten Mikelen egoera eta hura hurbiltzeko eskatu zuten.
Momentu horretan erabaki nuen Mikel bisitatzera joatea. Ostiralean, hilak 13, izan nuen bisita. Bisita zoragarri joan zen, oso polita. Ondoko lokutorioan herriko beste presoa zegoen, Eider Perez, eta momentu oso hunkigarria bizitu genuen. 40 minutu. Gehiagorik ez.
Baina 40 minutu horiek konpartitzeko 14 orduko bidaia bat egin behar izan nuen. Izugarria. Estatuaren beste alderaino joan nintzen 40 minutu pertsona batekin konpartitzera. Presoen familiak izugarri zaindu eta babesten dituen Etxerat-ek antolatutako Mirentxin furgonetan joan nintzen, boluntario bezala dabiltzan bi mutil gazterekin: Aitor eta Ibon. Bi furgonetetan zortzi pertsona gindoazen, bakoitza bere errealitatea elkarbanatuz. Ostiralean, 18:00etan atera nintzen Donostiatik eta igandeko 03:30etan itzuli nintzen etxera, 40 minutu pertsona batekin konpartitu ondoren.
Bidaiak, bidai lagunekin bizipenak konpartitzeko abagunea ematen dizu. Asko lagundu zidan Algecirasera etorri zen beste preso baten osabak, Kermanek. 72 urterekin halako paliza iloba 40 minutuz ikusteko. Egoera oso krudela eta bortitza.
Etxetik kanpora pasatu ditudan 33 ordu hauek asko pentsatzeko eman didate. ETBk eman zuen Haur motxiladunak ikusi nuenean jabetuta nengoen egoera gordin honetaz, baina orain lehenengo pertsonan bizitzeak, egoera hau salatzera eraman nau.
Ez da ezker abertzalearen kontu bat, denona baizik. Ehunka pertsona dabiltza astebururo aurrera eta atzera presoek bisita izan dezaten; zigorra presoarentzat, baina are handiagoa familiarentzat. Mikelen ama, 85 urterekin, urtean hirutan joaten da Algeciraseraino semea ikustera. Zein zigor mota da hau? Suposatzen da zigorra presoarentzat dela, baina atzera eta aurrera dabiltzan familia, ume, haur guzti horientzat halako zigorra? Salagarria da eta salatu behar dugu, eta ez ezker abertzalearen kontu bat bezala. Ezin dugu onartu 1.200 kilometrora preso dagoen senitarteko edo lagun bat bisitatzera joateak, halako esfortzu ekonomiko, pertsonal, fisiko eta emozionala suposatzea.
Ez nator eskatzera presoak aske utz ditzaten, nahiz kondena betea izan, baina bai hurbilketa; presoen hurbilketa Euskal Herriko espetxe inguruetara.
Ni ez naiz inor, herritar hutsa baino, egoera jakin bat salatu nahi duen euskalduna. Baina bai iruditzen zait zerbait egiten hasi beharko zenuketela kargua duzuenok. Arazo hau denona da; arazo humano bat da, eta presoen familiak sarraski bat jasaten ari dira.
Besterik gabe; nire bizipenak konpartitzeko gogoa nuen eta zuri idaztea erabaki dut gai honekin, nik baino gehiago egin baitezakezu.
Besarkada bat.Josune Errandonea, Errenteria-Orereta