Interes handiz irakurri dugu Izaskun Gomez Pasaiako alkatea eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua bildu direla, lurperatze lanen ondoren topoaren egungo bidea eraisteari buruz hitz egiteko.
Pozten gara Pasai Antxoko arazoak hain maila altuan eztabaidatzen direla ikustean, baina harrituta gaude titularrean jakinarazten zaiguna ez delako gero letra txikian azaltzen zaiguna.
Titularrean esaten zaigunez, Arriola sailburuak eta Izaskun Gómez alkateak iragarri dute egungo arkupeak desegin eta azpiegitura eraitsiko dutela Altza eta Galtzaraborda arteko zatia zerbitzuan jarri ondoren.
Bai ondo! Horixe da denok pentsatzen duguna, baina irakurtzen jarraitu, eta hara non esaten zaigun joan den azaroan ETSk merkantzien trenbide-saihesbiderako alternatibaren azterlana esleitu zuela Herrera eta Irun arteko topoaren tarterako. Nola ulertu bi ideiak? Nola aurreratzen dira lanaren ondorioak, hura amaitu gabe badago?
Amaitzeko, irakurtzen dugu Iñaki Arriolak adierazi duela egungo biaduktua kendu ahal izango dela topoaren adar berria martxan jarri eta portuan sartzeko obrak egin ondoren. Baina, eta hona hemen gure kezka handia, ez da eperik aipatzen.
Ez dugu nekagarriak izan nahi, baina epeak ez zehazteak mesfidantzara garamatza; guk nahi duguna da zubibidea eraistea adar berria martxan jarrita, eta ez baldintzatzea orain bi hilabete eskas hasi diren amaitu gabeko azterlanekin, ezta portuan sartzeko obrak egitearekin ere.
Gure barrutiko aurrekari historikoek oso zorrotzak izatera garamatzate: ez dugu Luzuriagako bigarren faseko errealitate lotsagabea berriro errepikatzerik nahi -2013rako bukatuko zela agindu ziguten, alafede, eta oraindik ez dira hasi-, ezta anbulatorioaren behin-behinekotasun iraingarriarekin gertatzen zaiguna ere, hamar urte baitaramatzagu behin betiko kokapenaren zain.
SOS Antxo Koordinadorak, horregatik, exijitzen du ez daitezela obrak hasi harik eta jakin arte zer konponbide emango zaion topoko bidezubian mantendu nahi den merkantzien garraioari eta zer epetan planteatzen den. Eta prozesu lotesle bat eskatzen dugu, atxikimendua azaldu diguten 1.400 antxotarrekin batera, hainbeste kalte ekarriko dizkiguten lurperatze-lan horiek herritar guztien adostasunarekin egiteko.
Eneko Lilly Lareki. SOS Antxo Koordinakundea.