Tontodromoa
Soinean pilaturik daramagun urteak zenbatzeko hatzei 4 buelta baino gehiago eman behar dizkiogunoi ez zaigu arrotz egingo. Oroitzapenen kutxa bat omen dugu bakoitzak gure baitan, eta, akaso, han barrenetik atera eta hautsak kendu beharko dizkiogu gure gaztaroari… Baina lepoa jokatuko nuke Tontodromoa ezagutu zuen inork ez duela ahaztuko. Hainbat belaunalditako kuadrilla mordoska hamaika buelta emandakoak gara bertan!
Auskalo noren asmakizuna izan zen, eta nork jarri zuen modan. Gutxi izango ziren han buelta bat sikiera eman ez zuten gazteak. Gehiago izango dira, zalantzarik gabe, arratsaldeak buelta eta buelta ibili zirenak. Horretan baitzetzan kontuak: bueltak ematean.
Aitortu behar zaio originaltasuna bere horretan oso sinplea zen ekintzari. Madalen kaletik Zumardiraino eta handik segi Biteri txikitik Foru plazara, portaviones deitutakoaren aurretik pasa, eta, berriz ere, Madalen kalera. Norabide horretan ala kontrakoan, gustuen arabera… Edo aurrez aurre topatu nahi zenuenaren edota nahi ez zenuenaren arabera. Izan ere, bere sinpletasunean edonoren beharrak eta nahiak asetzeko aukera eskaintzen zuen.
Ez dakit norbaitek landutako ideia izan ote zen, edo bueltak ematera apuntatu ginenok gurera egokitzen joan ginen gure neurrikoa bihurtu genuen arte. Telefonoak etxeetan soilik —eta ez denetan!— zeuden garaiak ziren. Beraz, lagunekin atera nahi bazenuen, aurretik geratu beharra zegoen. Bestela, ausarta izanez gero, beti geratzen zen bueltak ematea haiek aurkitu arte. Norabide batek emaitzarik ematen ez bazuen, beste norabidean saiatu behar. Pazientzia izanez gero, halako batean topatuko zenituen. Ezagunen bat aurkituz gero, hari galde zeniezaiokeen «nire lagunak ikusi dituzu?» (ibilbidean gehien errepikatutako galdera, seguruenik) eta hark informazioa emango zizun, buelta zein norabideetan eman behar zenuen barne.
Dena ongi antolatuta zegoela zirudien, aukera guztiak zabalik. Norbaiti iskin egin nahi izatekotan, Santxoenea, Santa Maria, edo Kapitanenea kaleetatik barrena saihesbidea hartuz, lasai asko lor zitekeen.
Zirkuituaren unerik gogorrena portaviones-aren azpitik pasatzerakoan zen, dudarik gabe. Han goian zeuden itzalkindun bankuetan eta petriletan ez baitzen edonor esertzen. Behetik gazteenak pasatzen ginen, lotsa-lotsa eginda, zaharragoen begirada aztertzailepean… gaurko begietara, a zer-nolako azoka zen hura!
«Buelta bat ematera noa» kalera goazela adierazteko beste modu bat da. Literalki hori zen egin genuena guk. Helduagoak zirenak ez zioten zentzurik hartzen gure jardunari, eta horregatik bataiatu zuten Tontodromoa gure ibilbidea. Harremantzeko modu bitxia izan genuen gure gaztaroan oreretar adinkideok. Zenbat zehar-begirada eta barre-murritz ez ote ziren sortzen buelten poderioz! Ingeniari lan apartak egin beharrak zeuden distantzia, denbora eta norabidea kalkulatzeko; bizitzara, desiora eta maitasunera loratzen ari ginen tenore hartan.
Nortzuk izan ote ziren lehen bueltarekin ohitura hura zabaldu zutenak? Eta nortzuk izan ote ziren Tontodromoa abandonatu zuten azkenak?