Trenbide gainekoak
KALE KANTOITIK
Baliteke Gaztainon dagoen trenbide pasagunea Topoari geratzen zaion bakarra izatea. Hendaiatik Lasarte-Oriara bitarte egiten duen bidean, behintzat, ez zait besterik etorri gogora.
Badu bere xarma pasagunean bi errailen artean geratu eta burdinezko bi marra haiei begiradaz jarraitzea, ezker-eskuin. Alde batera tunelaren iluntasunean galtzen da; beste aldera, aldiz, bihurgunearen atzealdean ezkutatzen da.
Proba egin al duzu inoiz haur bati sekula gurutzatzen ez diren burdinezko bi marra haiei buruz hitz egitea? Galdetu ote diezu noiz eta non uste duen amaitzen direla bi marrak? Trenak pareta bat duela alde banatan eta hara iritsitakoan atzera-aurrera ibiltzen direla etengabe jakiten duenean (magia oraindik magiagotua!), haurren harridura aurpegia ikusteko zortea izan ote duzu?
Bizitza Topoaren alboan garatu zaigunon burutazioak izango dira horiek, akaso. Baliteke. Guretzat Topoa betiko elementua da, bizi guztikoa! Baina gu mundu honetara sortu baino askoz lehenago bazebilen bueltaka, atzera-aurrera, trenbidearen gainean, tirriki-tarraka askotan.
Inoiz atzeratzen denean —eta inoiz izaten da hori—, ikustekoa eta entzutekoa da jendea armoniyan, puntual-puntual etorri den n-garren aldi guztiak seko ahaztuta! Bada, une horiek dira Topoak gure jendartean eta gure eguneroko ibilera ero honetan duen tamainaren neurria ematen diotenak!
Baina ez da beti horrela izan, ezta gutxiago ere! Topoaren historiako urte gehienak, estuasun istorioak izan dira. Egia esan, 1979an Eusko Jaurlaritzaren eskura pasa eta Eusko Trenbideak bihurtu zen arte. Orduan hasi zen goranzko haziera. Bitartean, sorreratik, istripu, gerra, muga itxiera, aldi baterako zerbitzu eteteak eta abarreko istorioak bizitu zituen.
Topoak bere lehen bidaia Donostiatik Irunera egin zuen 1912ko abenduaren 5ean, garaiko agintariak bidaiari zituela. Zenbait hilabete geroago, 1913ko uztailaren 13an, Donostiatik mugara iritsi zen. Eta hori ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, mugara iristeko Bidasoa gaineko harrizko zubia eraiki behar izan baitzuten. Imagina dezakezue hango festa! Laster zapuztu zen, ordea. Izan ere, egun hartan bertan, inaugurazioko egunean, arratsaldeko 04:30ean, bi Topok elkar jo zuten Irungo geltoki inguruan. Ez zen nolanahiko istripua izan, 7 lagun hil eta 20 zauritu baitziren. Herritarrek min hartutakoei emandako laguntzak garaiko errege Alfontso XIIIa bera hunkitu zuen. Horregatik, astebetera, Irungo hiriari Muy humanitaria titulua eman zion.
Eusko Jaurlaritzak bere hegalpean hartu zuen arte, esku pribatuetan biziraun zuen, nola-hala, Topoak. Lehen urte zail haietan Topoa gobernatzen aritu zen enpresa bat SEFT izan zen. Hara zein zorrotza zen orduko jendearen umorea eta nolakoa zen trenbide gainean zebilenaren ibilera Se Espera Fuerte Trompazo gisa ezagutu eta zabaldu baitzuen letra haien izatea.
1970eko hamarkadan eten egin zuten zerbitzua. Gaur egun sinesgaitza egiten zaigun arren, orduan zenbakiek ematen ez zutelako. Eskerrak berriro, denbora baten ondoren, berriz, beste aukera bat ematea pentsatu zuten, berriro trenbidean zehar martxan jarriz.
Idazten ari naizela nire ondoan dauden adineko bi lagunak berriketan ari dira. «Gogoratzen dituzu Topoaren egurrezko bagoi haiek», esan dio batek besteari. «Tunelaren aurrera iritsita sartuko zen, sartuko ez ote zen…». Zenbat abentura pasaguneko bi burdinezko marra parekide horien gainean!