Urtats
HITZ HARTUAK. Marijo Telletxearen zutabea
Urte berri berri, zer dakarzu berri? Uraren gainian, pakia ta osasuna; urtets, urtets, urtetsa nahi dugu. Hori kantatzen dute Baztanen urte hasieran. Hemen, Oarso Bidasoa aldean, berriz, Dios te salbe-ka aritu izan gara urte luzez, bai urte zahar ilunabarrean, baita berria hasi ondoren, gauean zehar ere.
Gazte denbora guztian, Hondarribia aldean urte zaharra familian ospatu izan dut eta, behin hamabiak jota, mozorrotu —geure itxura aldatzeko balio zuen zernahi trapu jantzi―, soinua hartu, eta baserriz baserri ibiltzen ginen eskean goizalde arte, kantuan eta dantzan.
Badakit inguru hauetan ohitura hori galduxea dela, baina benetan oroitzapen xamurrak etortzen zaizkit gogora urte zahar eta berriaren arteko muga horretan kopla horiek kantatzen ditugun aldiro. Hemengo usadioa izan da negukoak deituriko jai edo festetan, musikak, dantzak edo kantuak lagunduta, itxura aldatu eta eskean aritzea: bai Domu Santuaren bueltan, bai Eguberrietan, eta baita inauterietan ere.
Aitortu behar dut horrelako ohituren zalea naizela; folklorikoa esango du baten batek; tradizio zalea gehituko du harako hark. Biak ala biak nolabaiteko gutxiespen keinuz egindako komentarioak: lehenbizikoari erabat desegokia irizten diot ohiturak ez baitira erakustokietan jartzeko folklore-agerpenak, mundua ulertu eta bertan bizitzeko moduak baizik; bigarren horri buruz, berriz, luzeago ariko naiz. Izan ere, gaur egun, tradizioa gertakizun eta jokabide atzerakoi eta zentzugabeekin lotzen dugu eta, hortaz, kasu askotan, alde batera utzi beharra ikusten dugu. Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeek soldadu gisa desfilatzeko duten debekua tradizioan oinarritzen omen da, Keralako Sabarimalako tenpluan hilekoa izateko adina duten emakumeei sarrera galarazten diena ere tradizioa aitzaki hartuta egiten da, eta horrela, hainbat eta hainbat egoeratan tradizioa ahotan hartu eta sasi argudioak moldatzen dira.
Gauza horien aurrean ondoez bitxia sentitzen dut, tradizioari, berez, ez baitiot deus txarrik ikusten, baldin eta ez bada batzuen komenientzia justifikatzeko trikimailu gisa erabiltzen. Eta uste dut, horretan dagoela tradizioa eta usadioak dagokien tokian jarri ahal izateko gakoetako bat: lehenago esan bezala, tradizioa edozein herrik munduan egoteko eta bere burua ulertzeko egiten dituen erritu edo ospakizunen multzoa da. Herri horietako lagunek, ez baitira inozoak, badakite mundua etengabe aldatzen dela, dena etengabe errepikatzen dela, eta behin eta berriro itzultze horretan aldatzen ari dela. Etenik gabeko aldaketei egonkortasuna emateko modua dira ohiturak eta errituak.
Baina nondik dator tradizioa ez dela aldatu behar, beti berbera, fosildua, harri bihurtua izan behar duela dioen uste edo iritzia? Ez ote da globalizazioak moderno eta aurrerakoi irizten dituen egiteko moduetatik urrun dauden usadioak dituzten herriak gutxiesteko bidea? Iritzi orokorrak zergatik azpimarratzen du tradizioak duen alde aldaezina eta ez erreparatu herria, gizataldea lotzeko eta batzeko, hots, bestea geurean hartzeko duen ahalmenari?
Urte bat joan eta berria etortzen da, denak lehen bezala segitzen du, eman diogu agurra zaharrari, ospatu dugu berriaren etorrera. Behin eta berriz errepikatuko den zikloa, urtaroak, festak, hasi dira berriz. Zaharra bezalakoa izango da berria, baina dena gertatzeke dago, dena zaharra eta dena berria, bat eta bera hasiera eta bukaera.
Urtats, urteko lehen urrats; bururatu nahi bezala dugun has dio esaerak. Guk aurten ere Dios te salbe kantatuz hasi dugu.