Zabor-jausiak
KALE KANTOITIK
Zabortegira joan beharko al dugu lore-sorta eramatera?», galdetzen ari zait irratitik Zaldibarren, artean, zaborperatuta jarraitzen duen langileetako baten senidea. Ahotsaren samina bihotzeraino heldu zait. Bihotzak burua martxan jartzen duenean sortzen diren gogoeta sakon horietako batean murgildu naiz.
Lanera bidean noa, bi langile horiek ekin ezin izan zioten bidean. Laneguna osatu ondoren, batez ere, etxerako bidea hartzea baitzuten irabazia bi langileek. Tragedia izugarria da lanak hiltzea. Eta, zer esanik ez, Zaldibarko kasuan bezala, istriputik baino administrazioen ezikusitik, diru-gosetik, utzikeriatik, eta abarretik gehiago duten kasu gero eta ugariagoetan.
Segidan, lehengoan tailer koxkor bat duen lagunarekin izandako elkarrizketa etorri zait gogora. Zaharberritze lanak egiten hasi eta teilatua uralitazkoa izaki. Oreretan badakigu zerbait amiantoaz. Paisa lantegiak urtetan bere haizegailutik amiantoa herrian barreiatu zuen, pareko etxean bizi zen emakumearen heriotza eraginez.
Gauzak ongi egin nahian, lagunak amiantoa manipulatzeko protokoloa jarraitu zuen, hitzez hitz. Misio arriskutsuenetan bezala jantzirik etorri omen zitzaizkion langile espezializatuak amianto hura erretiratzera. Arriskua paretik kentzea 24.000 euro kostatu zitzaion. Baina nora eraman ote zuten hainbeste segurtasun neurri pean kendutako amiantoa?
Etxean saiatzen gara hondakinak bereizten, kristalezko botilei paperezko etiketa kentzeraino. Plastikozko poltsak ordezkatu ditugu. Eta, klaro, hondakin bakoitza bere koloreko edukiontzian edo Garbigunean uzten dugu. Baina, gero, zein bide egiten ote dute herritarrok sailkatutako hondakinek? Eta lantegietakoek?
Aurreko hamarkadan izugarrizko zalaparta eragin zuen hondakinak biltzeko atez ateko sistemak. Auzo lotsa sentitzen dut orduko iskanbila Zaldibarko kasuarekin, bi heriotz tarteko izanik ere, alderatzen dudanean. Hango suteetako ke pozoitsuak inguruko herrietara iritsi ziren gisan, ba ote da inor Zubietako erraustegiko kea gurera iritsiko ez den itxaropenez?
Albistegian esaten ari direnez, birziklatze eta berrerabilpenerako Gipuzkoako enpresa batek milaka tona arropa ilegalki isuri ditu Nafarroan. Gure armairuetatik atera eta kaleko edukiontzietan berrerabiltzeko eta birziklatzeko utzi dugun arropa. Lan hori egiteagatik administrazioak diruz laguntzen duen enpresa.
Noren zaintzapean ote dago herritarrok eta lantegiek sailkatzen ditugun hondakinen kudeaketa? Udalek eta administrazioak berma al dezakete saiakera handiz sailkatu ditugun hondakinen birziklatze katea, benetan ari ote dira izaten hondakinen kudeaketaren bermatzaile, legokien bezala? Nola, bada, Zaldibarko kasuan ikusi den bezala, erantzukizuna duten politikariek interesak baldin badituzte hondakinen kudeaketan eta eskuak zaborrez zikinak badituzte?
Hurrengo albistean ipini dut arreta, berriz. EAEko hauteskundeak. Zaborra ari du eta, hala ere, inkesten arabera agintzen duten partidu politikoek indar handiagoz jarraituko lukete agintzen. Horra hor gure kondena. Ez gara batere originalak, ordea. Prestige petrolio-ontziak Galiziako kostan hondamendi ekologiko hura eragin zuenean ez genuen ulertu nola hurrengo hauteskundeetan PPk garaipena lortu zuen, boto gehiagorekin. Hara, inkesten arabera, ulertu ez genuen jokaera etxekotua.
Pozoitzen ari zaizkigu airez, urez eta lurrez eta gu sistema ekonomikoari eta partidu politiko nagusiei geroz eta fidelago. Ez dugu zalantzan ipini behar geroz eta klase guztietako hondakin gehiago sortzen dituen eredu ekonomikoa? Geroz eta gaixoago, kutsatuago, behartsuago bihurtzen gaituen sistema eta hura kudeatuz aberasten ari diren partidu politikoak? Zergatik? Duintasunez bada ere… Zaborra ari du!
Eibarren izan nintzen aurrekoan hango lagunekin. Zuzenean iritsi zitzaidan bertakoen kezka. Kas haien txakurra da, Pirinioetako artzain txakurra. Zabortegiak behera egin zuenetik, ohiko mendi buelta Gipuzkoako eta Bizkaiko mugan eteten du, Zaldibarko zabortegirako pista abiatzen den lekutik hurbil. Hantxe egiten du planto. Zer pentsa eman zidan.
Zaldibarko zabor-jausian irristatu ziren milaka mila hondakinekin batera bi langileen bizitzak, lagunaren amiantozko teilatua, hondakinen kudeaketa, sistema ekonomikoa, eta ardura duten politikarien lotsa apurra joan ziren. Senide horri zor diogu esatea ezetz, zabortegira ezetz, leku duin batera eramango duela lore-sorta. Eta hori, gure bozkekin esan beharko genioke.