Sabecoko langileak, beste supermerkatu baten zain

Duela hilabete batzuk itxi zuten Simply supermerkatua (Sabecorena) Niessen merkataritza zentroan, baina oraindik bertako langileek borrokan jarraitzen dutela jakinarazi dute. Gipuzkoako Lan Ordezkaritzak eta Jaurlaritzako Lan Sailak enplegua eteteko espedientea onartu zien irailean, eta orain egoera horretan daude. Helburua, orain, beste enpresa batek Niessen merkataritza zentroan dagoen lokala kudeatzen hastea da. Gogorarazi dute, gainera, egungo lan taldeak “subrogazioa [lan taldea eta lortutako lan baldintzak mantentzea] eta enplegu egonkorra izateko eskubidea” duela.

Hala, Errenteriako Udalarengana zuzendu dira, eta ohartarazi die “hitz politak” ez direla nahikoak, eta langileak hartuko dituen beste supermerkatu batekin harremanetan jartzeko eskatu die. Horrez gain, supermerkatua itxita egoteak merkataritza zentro osoa kaltetzen duela azaldu dute, eta horrenbestez, neurriak lehenbailehen hartzea beharrezkotzat jo dute, gainera kontuan hartut,a Murias Center 4ko partaide dela Udala.

Epaia eta enplegua eteteko espedientea

Hamasei hilabeteko grebaren ondoren berriro lanean hasi ziren Sabecoko langileak pasa den martxoan, baina uztailaren amaieran arazoak hasi ziren beste behin epai baten eraginez. Horrek  Murias Center 4 (merkataritza gunea kudeatzeko ardura duen enpresa, Muriasek eta Errenteriako Udalak osatua) eta Sabecoren arteko errentamendu kontratua amaitutzat eman zuen.

Sabecok epaia ez errekurritzea erabaki zuen, eta proposamen bakarra egin zuen: langileak, Bizkaia, Errioxa edota Kantabriako supermerkatuetara eramatea. Langileek ezezkoa bota zuten, lanaldi partzialeko kontratua zeukatela eta horrek ezinezko egiten zuela argudiatuta. Hala, adostasunera heltzeko eskatu zieten Murias Center 4 osatzen duten aldeei.

Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Lan Ordezkaritzara jo zuten, eta txosten bat aurkeztu zieten lekualdatzeak geldiarazteko eta euren eskubideak bermatzeko argudioak emanez. Lehenik, azaldu zuten lokal horretan beharrezkoa dela supermerkatu bat egotea hori jasotzen baitu Muriasek eta Errenteriako Udalak sinatutako akordioak. “Beraz, egungo lan taldeak subrogazioa enplegu iraunkorra izateko eskubidea du”. Bigarrenik, gogorarazi zuten Errenteriako Udalbatzak birritan aitortu dietela “lanpostua izateko eskubidea”.

Gipuzkoako Lan Ordezkaritzak arrazoia eman zien, eta horrenbestez, lekualdatzeak geldiaraztea lortu zuten.

Hurrenik, adostasunik lortuko ez zela ikusita, enplegua eteteko espedientearen bidea hartu zuten, eta hori ere onartu egin zieten irailaren erdialdera Gipuzkoako Lan Ordezkaritzak eta Jaurlaritzako Lan Sailak. Sei hilabeteko epea du eta luzagarria da. Horrela, supermerkatua itxita ere langileak gizartea segurantzan alta egoeran daude, lokalean beste operatzaile bat sartu arte. Azaldu dute, batetik, oraindik Sabecoko langileak izaten jarraitzen dutela (berak ordaintzen baitie soldataren zati bat) eta bestetik, behin operatzaile bat sartuta espedientea bertan behera geratuko litzatekeela.

Ez dago ekarpenik

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend