Ana Oregi: "Ez da proiektu faraonikoetarako garaia"
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak esan du Donostia aldeko metroaz eta Pasaiako kanpoko kaiaz zalantzak dituela
Egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, “ez da proiektu faraonikoetarako garaia”, azaldu du Ana Oregik Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Donostialdeko metroan eta Pasaiako kanpoko kaia egiteko egitasmoan jarri ditu zalantzak Oregik. Esan du bere helburua “Donostia alde osoa lotzea” dela baina ez dela metroaren moduko “proiektu faraonikoetarako garaia, momentu honetako krisia izugarria” delako.
Oregik erantsi du “herritarren beharrak” kontuan izan behar dituztela: “Denon artean pentsatu behar dugu zein den Donostia alderako garraiobide onena”. Pasaiako kanpo portuari dagokionez, Oregik esan du “kontra” egon izan dela eta “orain” ez duela “iritzia aldatuko”. Hala, azaldu du “barruko portua berritzea eta zaintzea eta han bizi direnen bizitza hobetzea” izango duela xede.