Udaleko alderdi guztiek bat egin dute AFAGIren aldarrikapenarekin
Hondarribia
Alzheimerrarekiko Hiri Solidarioa da gaur goizetik eta gaixotasunarekin sentsibilizazioa agertu eta Alzheimerrari buruzko Aliantzak bultzatu duen egitasmoaren alde egiten duen Gipuzkoako lehen udalerria bihurtu da. Gaur goizean sinatu dute udal talde guztiek aho batez onarturiko adierazpen instituzionala, Gipuzkoako AFAGIko presidente Koldo Aulestia eta Bidasoko ordezkari Maria Jesus Garin bertan zirela. Hondarribiko udal ordezkariek “Alzheimerrari buruzko Aliantzak gaixotasunaren inguruko estatu-mailako politika abian jartzea” aldarrikatu dute gaurko ekitaldian. Aulestiak azaldu zuenez, AFAGIk Gipuzkoan eta “elkarteen konfederazioak estatuan” udalerrietara jo dute “Alzheimerraz politika bat finkatzea eskatzeko”.
Adierazpen instituzionalaren bitartez Hondarribiko Udaleko udal talde guztiek “arazo larri honekiko duten kezka adierazi” dute, “osasun eta gizarte mailan ematen den arazoa dela gogorarazten dute, “familia delarik zama handiena bere gain hartzen duena”. Izan ere, familia Alzheimerra duten gaixoen familia bakoitzak bataz beste 30.000 euroko gastua izaten du. Egun 8.000 pertsonak dute Alzheimer dementzia Gipuzkoan eta, Aulestiaren esanetan, “30.000 lagunei eragiten die horrek, gaixoen inguruan dauden pertsonak. Uste dut denon daukagula inguruan norbait Alzheimerra edo bestelako dementzia duena”, gehitu du Aulestiak.
Altuna jeltzaleak irakurri du adierazpena
Datozen 20 urtean gaixoen kopurua bikoiztuko dela uste dute adituek. Europako Legebiltzarrak, Europako Komisioak eta Munduko Osasun Erakundeak gomendio batzuk luzatu dituzte, baina Espainiako Estatuan ez dago gaixotasunak eragiten dituen kalteei aurre egiteko plan zehatzik. Horregatik guztiagatik, Hondarribiko Udalak “beste udalerri batzuentzat adibide izan nahi du eta, bide batez, osasun eta gizarte arloetako arazo larri honen inguruko sentsibilizazioa eta gizartearen zein instituzio eta politikarien kontzientziazioa bultzatu”.
Ostegunean bilera irekia
Aste honetan bilera irekia antolatu AFAGIk Kasino Zaharrean, ostegun arratsalderako, 16:30ean hasita. Garinek azaldu duenez elkartea zabaldu da, “gaixoen eta familiarren elkarte izatetik, gaixo, senide eta lagunen elkartea izatera pasatu da”, eta Hondarribian talde iraunkor bat lortzeko asmoa agertu du, “Irunen elkartzen den bailarako taldeari kalte egin gabe”. Horregatik, Alzheimerra duten gaixoen senideei eta lagunei deia luzatu die, ostegunean Kasino Zaharrean AFAGIko arduradunekin eta gaia lantzen duten profesionalekin elkartzeko.