Irudia asteleheneko batzarrekoa da
Ohiko zintzilikarioak eta lokalak. Bi moduak uztartuko dituzte Antxon hondakinak atez ate biltzeari ekiten diotenean. Lehengo astelehenean egin zuten Antxon herritarrekin burutu den parte hartze prozesuaren barruko azken batzarra, eta bertan eman zituen Udalak ezagutzera gaiaren harira hartu dituzten azken erabaki teknikoak. Sistema berria noiz jarriko duten indarrean, baina, ez dute oraindik argitu.
Aipatutako hiru lokaletatik bitan, udal langileek jasoko eta bereiziko dituzte hondakinak, eta hirugarrenean, zintzilikarioak jarriko dituzte. Udal langileak Hamarretxeta 24ean (orain arte Gizartekintzako lokala izan dena) egokituko duten lokalean eta Zumalakarregi kalekoak (Eroski zaharraren ondoan) egongo dira. Bi lokal hauek 11:00etatik 06:00eara larrialdi-gune bezala kokatuko dute. Hirugarren lokala, Gure Zumardiko garai bateko komun publikoetan kokatuko dute, eta han zintzilikarioak jarriko dituzte. Azken honetarako giltza elektronikoa banatuko dute. Honen ordutegia zintzilikarioetarako jarriko duten bera izango da: neguan 19:30etik 05:00etara eta udan 21:00etatik 05:00etara.
Antxon dauden 2.147 etxebizitzen %52a, lokal hauen erabiltzaile izango dira.
Zer noiz jaitsi
Hondakinak jaisteko egunak ezberdinak izango dira zintzilikarioen eta lokalen erabiltzaileentzat.
Zintzilikarioen kasuan organikoa igandeetan, asteazkenetan eta ostiraletan bilduko dutela jakinarazi dute; ontzi arinak astelehen eta ostegunetan; papera eta kartoia asteartetan eta errefusa asteazkenetan. Neguan 19:30etik 05:00etara eta udan 21:00etatik 05:00etara.
Lokaletan, berriz, organikoa, astelehen, ostegun eta larunbatetan jasoko dute; ontzi arinak astearte eta ostiraletan; papera eta kartoia asteazkenetan eta errefusa, ostegunetan.
Altzariak, orain arte bezala, ostegunetan jasoko dituzte eta horietako lau gune jarriko dituzte, baina oraindik ez dute argitu non.
Zakarrontziak aldatuko dituztela ere iragarri dute, baina zehazteko dago oraindik ere konpostaje komunitarioa egin ahal izateko tokia. Konposta egiten dutenek %40aren hobaria lor dezakete. Nola egin irakasteko ikastaro bat ere antolatuko dute, eta izen-emate epea zabaldu dute.
Bilketa hasi eta lehengo sei hilabeteak froga epetzat hartuko dituzte, herritarrak ikasi eta egokitu daitezen. Epe horretan gaizki egiten duten bizilagunei ohartarazi egingo zaie eta epe hori gaindituta arauak errespetatzen ez dutenei isunak jartzen hasiko dira.
Eskalantegi eta Buenavista
Aste honetan Pasaiako Udalak eskutitza helaraziko die Eskalantegi kaleko eta Buenavistako zati handi bateko bizilagunei, atez ateko sistemara biltzeko gonbidapena luzatuz. Zerrenda bat irekiko dute interesatuak egon daitezkeen bizilagunentzat. Bien bitartean Donostiako Udalarekin harremanetan ari dira bi udalen arteko balizko hitzarmena sinatzeko aukera aztertzeko.