Asanblea egin zuten manifestazioaren aurretik
Espetxe politika honi ez, sakabanaketa amaitu lelopean 170 bat oiartzuarrek herriko Sortuk deitutako manifestazioarekin bat egin zuten.
Arkaitz gogoan zaitugu!,
Herriak ez du barkatuko!,
Euskal presoak Euskal Herrira! gisako oihuak entzun ahal izan ziren ibilbide osoan.
Bertaratutakoek elkartasuna adierazi zioten Arkaitz Bellonen senide eta lagunei. Bellon bere herritik mila kilometrora hil dela gogoratu zuten eta zigorraren 2/3ak beteta kalean egon behar zuela. “Mila kilometro horien atzean dagoen errealitateari erreparatzen badiogu, giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako espetxe politika gizagabe eta krudela da gaur egun protagonista nagusia eta Arkaitzen heriotzaren erantzule zuzena”, nabarmendu zuten.
Salbuespenezko espetxe politikarekin eta sakabanaketarekin bukatzeko eskatu zuten: “Aski esateko unea da”.
Indarrak bat egitea, beharrezkoa
“Sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen bukatzeko” indarrek bat egitea beharrezkotzat jotzen dute eta bide horretatik gaur egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuten. Eguerdian Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostian elkarretaratzeak egingo dira eta arratsaldean herri guztietan. Oiartzunen 20:00etan izango da, Doneztebe plazan.
170 oiartzuarrek parte hartu zuten manifestazioan