Marinel zaharren balada berriak
Otsailak 22 zituen. Itsasoa da bide bakarra lemapean heldu ziren Literatur Eskolako eskifaia-kideak Hendaiara, Eider Rodriguez lemazaina Pausuko Xaia ostatuan zain genuela.
Sinboloak mugarriak dira gure bideetan. Alta, sinbolo kontrajarriekin topo egiten dugu. Errepublikako plazan hartu nuen bidea. Plaza ez da «gure herria»-ren sinboloa, berbarako. Portu karrikatik Kaneta portura egin nuen, antzinako portura. Behialako PAF (Police de l’Air et des Frontières) zelakoari so egin nion. Badian nengoen jadaneko, Eva Forest kaian. Alfonso Sastrerekin gogoratu nintzen. Eva eta Alfonso, oi marinel zaharrak!
Aireportuko burrunbek iragan urruneko izuen gordelekuak seinalatu zizkidaten. ETAko mugalariak, pasadizoak; Pott banda. Haiek bandak! Bidasoan goiti itsasoa gibelean laga nuenaz ohartu nintzen. Kontrakorrontean nindoan. Alta, marinel zaharrez eta naufragoez esperientzia biziak helarazi dizkigun iheslariaren bitakora kaiera ezagutzeko grinak kitzikaturik, «abantean!» nioen kartsuki.
«Nazioarteko» zubiak «azpiratu» nituen ur gaineko pasabide berritik, zuraz polito egindakoa. Zokoa lantegiko hangar zaharrak begiztatu nituen, ezkutuko marinel zaharren isilpeko zuloa akorduan. Ur bazterreko ihitzek Les Joncaux auzoa auguratu zidaten sarri. Azken portu aldera begiratu nuen, uraz bestaldera. Antigoaleko erromatarren aztarrena.
Faisaien edo Konferentziaren uharte parean, frantziarren eta espainiarren sinboloaz ahalketu nintzen. Denboraren kontrako borrokan egokitu nintzen Xaian. Antxeten txilioak isildu ziren. Marinel zaharraren bitakora kaiera eskuetan agurtu gintuen ondinak. Antzinako marinelen kontrastean, lemazaina emakumezkoa genuen. Oi marinel berriak!
Munduko hainbat hondartzara arribatutako Iurretako marinelaren istorioen sinbologiak gatibatu gintuen ondinaren eleetan. Haren Untzigintza poema esplikatu zigun. Gainerakoa, bitakoran ei dago.
Sarriri, Huizingari edota Eiderri entzutera «inor ez da hemengoa» pentsu ohi dut. Pentsamendu sinboliko basatiena poetena dela. Lengoaian ez dagoela arrazoirik. Poetaren eginbidea tribuaren berbei zentzu garbiagoa ematea dela.
Intxaur azal batean gindoazen, Nietzsche edota Mallarmé ere arraunei oratuta. Melvillek, kanpotarra hau ere, itsaso debekatuetan barrena joateko puxatu gintuen. «Lasai, Ulises dugu lemazain», zioten ausartuenek. Xaia eskifaian emaztekiak ziren gehienak.
«Nik iada ez dut kemenik itsasora partitzeko. Ifar aldeko orduak gero eta hotzagoak dira. Lagunak izoztuta daude», entzun irudi genizkion marinel zaharrari.
«Itsaso berriak asmatu behar ditugu»», esan zuen ondinak. Happy end? Agian!