Bizilagunak, plenoan
Aldeko zortzi boto (Bildurenak), kontrako zortzi (PSOE-EAJ-PP) eta abstentzio bat (Ezker Anitza). Horixe Pasaian aurrekontu proposamenaren bozketaren emaitza. Honenbestez, alkatearen kalitatezko botoarekin atera ditu Bilduk beste behin ere aurrekontuak aurrera.
Ezker Anitzarekin akordioa lortuta, Bilduk bere zuzenketa partzialak erretiratu zituen. PSOE, PPk eta EAJ osoko zuzenketak aurkeztu zizkioten proposamenari, eta horiez gain, PSOEk 18 zuzenketa partzial. Horietatik bi, Mugen batzorderako eta hirigintza arloko proiektuetarako partidak handitzea eskatzen zituztenak, aurrera atera zituzten Bilduk bere egin zituelako.
Bi gaik hartu zuten protagonismoa atzo aurrekontuen eztabaidan: atez ateko sistema bilketa eta udalak kale garbiketa berriz ere bere gain hartzeko hartu duen erabakia.
Herritarrak protagonista
Luze jo zuen atzoko plenoak. Udalbatza hasi eta berehala Bonantza Auzo Elkarteko bizilagunek hartu zuten hitza. Beren mozioa defendatu zuten bizilagunek, Donibane eta Lezo lotzen dituen espaloiari buruzkoa. Mozioa aho batez onartu zuten talde guztiek.
Baina ezustea plenoa hasita zegoela gertatu zen. PSOEko Lore Suarez bere taldearen zuzenketen defentsan ari zela Donibaneko bizilagunen talde batek plenoa eten zuen, haserre bizian. Denboraleen eraginez, urak hartu ditu Donibaneko hainbat soto eta establezimendu azkenaldian, azken aldiz, atzo bertan, eta bizilagunek Santiago plazan petrila berriz ere jartzea nahi dute. Udalean beren egoeraz inor ez delako kezkatu kargu hartu zieten zinegotziei, eta hitzordua emateko exijitzeko eskatu, gaiari irtenbidea eman asmoz. Helburua lortuta, pleno aretoa utzi zuten.
Giza baliabideak eta mozioak
Kale garbiketaren gaineko erabakiek, eta atez ateko bilketa ezartzeko hartutako bideak hainbat aldaketa eragin ditu giza baliabideei dagokionez. Udalak hainbat lanpostu sortu nahi ditu eta egin dituen bi proposamenak, udal plantillari dagokiona eta lanpostuen zerrendari erreferentzia egiten diona, biak atera zituzten aurrera.
Horrez gain, EAJk hondakinak biltzeko sistemaren gaineko galdeketa eskatuz aurkeztutako mozioa zegoen gai zerrendan. Eztabaidak luze jo zuen, baina mozioak ez zuen aurrera egin. PSOEk, EAJk, eta PPk alde bozkatu zuten (8 boto), baina Ezker Anitzak eta Bilduk kontra (9 boto).
Haurdunaldia etetearen gaineko mozioak ere aurrera egin zuen. Bilduk, Ezker Anitzak eta PSOE-EEk proposamen bateratua aurkeztu zuten. PPk kontra bozkatu zuen, eta EAJk mozioak zituen bederatzi puntuetatik zortzi bere egin zituen eta hirugarrenean abstenitu egin zen.