25 urte
Pronto dugu dena: tortillak, ura, dokumentazioa, helbidea, musika, gasolina, paketea. Goazen. Gurpilak ongi puztuta? Bai, bai, goazen. Horrelaxe abiatzen gara, ilusioz eta urduri. Gogotsu joaten gara 700, edo 800, edo behar diren kilometro guztiak egitera.
Belainotan kantauri, arrain txiki arrain handi, gure herriak beregan ditu erreka adina zauri. Nerbioi, Ebro, Duero, Hego Ipar-Ipar Hego, gatazka zahar baten testigu hainbeste urte eta gero.
Aurten 25 urte beteko ditut. Mende laurdena. Aurten 25 urte bete ditu dispertsioak, euskal preso politikoen aurkako sakabanatze eta urruntze politikak. Jaio berrientzat WhatsAppa bezalakoa da niretzat dispertsioa: arrunta, ohikoa. Tristea da gero.
Somosierrako gailurra, haizea eta elurra, gugan nahi dute ekaitza lehertu, ikara eta beldurra. M30 eta 40, txabolak eta txaletak eta kartzelak Euskal Herriko seme alabaz beteta.
Bocegillas, Somosierra, Lopidana… Ez dira ezezagunak guretzat. Gazteontzat, alegia (atrebentzia ez bada). Ezagutzen ditugu txoko hauek, Espainiakoak eta Frantziakoak. Guretzat ez dira arrotzak istripuak eta urduritasuna, ezta espetxean gelditzen direnen kezka eta ezinegona ere. Guretzat, «hurrengo asteburuan kanpoan izango naiz, bisita daukat» entzutea ohikoa da. Pare bat egun, minutu gutxi batzuen truke. Eta arrunta da haraino joan eta, sartzen ez uzteko aitzakia merke bat jarrita, herritarrak etxera triste bueltatzea. Triste eta amorratuta. Arrunta, ohikoa. Badakigu zein zaila den albisteak jakinaraztea, senideekin eta lagunekin komunikatu ahal izatea. Eta gutunak idaztea. Eta herritarrak urrun sentitzea. Atzerrian. Gaixo dauden presoak kartzelan egotea ere ez da arrotza guretzat. Eta etxean gaixo daudenak atxilotzea ere ez. Gogorra da, gaiztoa, baina arrotza ez. Badakigu zaila dela presoa espetxean utzita etxera bueltatzea eta etxean haren falta sumatzea.
Bidaiak, emozioz eta sentsazioz betetako momentuak izaten dira. Eta askotan leher eginda bukatuta ere, badakigu zer den hurrengo bidaia ailegatzeko irrikaz egotea (ehunka kilometro egiteko irrikaz; arrunta, ohikoa).
Gogotsu joaten gara eta halaxe jarraituko dugu: tortillak egiten, kotxeak antolatzen, paketeak prestatzen. Halaxe jarraituko dugu, baina ez dezagun ahaztu hau ez dela ez arrunta eta ez ohikoa.
Zuhaitzak loran kanpoan, gu berriz ere autoan, zoaz astiro bada ez bada, baina goazen atoan. Auzo eta kale obretan, usoak Kiro dorretan; noiz etorriko gara maitea Madrilera oporretan?